Kultur taldeek zer behar dituzten helaraz dezakete azaroaren erdira bitartean

Urola Kostako Hitza 2018ko irailaren 26a

Zestoako Kultur Etxea eraberritzeko prozesua hasi du udalak, eta eragileen beharrak identifikatzea da lehenengo urratsa. Agintaldia amaitzerako proiektua idatzita izatea nahi dute

25 lagun inguru elkartu ziren lehenengo bileran. (Danbolin) Zestoako Udalak eztabaida prozesua hasi du herriko kultur eragileekin batera, Kultur Etxean egokitzapen lanak egiteko proiektua garatu dezan. Josetxo Mendizabal alkatearen hitzetan, udalaren asmoa da talde guztien adostasunarekin diseinatzea azpiegitura horretan egingo dituzten lanak, eta horretarako kultur eragile bakoitzak dituen beharrak jasoko ditu azaroaren erdira bitartean. Prozesuan parte hartu nahi duten taldeak udaleko kultur teknikariekin jar daitezke harremanetan. Eztabaida prozesua hasteko, udalak lehenengo bilera egin zuen joan den asteartean. 25 lagun inguru elkartu ziren Kultur Etxean, eta udal ordezkariek egitasmoaren berri eman zieten han bildutako herritarrei: "Mende erdia bete da Kultur Etxea ireki zenetik, eta azken urteetan asko aldatu dira kultur taldeek dituzten beharrak. Hori dela eta, epe luzerako egokitzapenak egin nahi ditugu Kultur Etxean", esan du Mendizabalek. Haren arabera, bileran bildutakoek askotariko iritziak plazaratu zituzten: "Batzuek zioten ekintza elektoralista dela hasi dugun prozesua; beste hainbat lagun, berriz, poztu egin dira udala kultur taldeengana gerturatu delako. Argi dagoena da, ordea, kultur azpiegiturei dagokienez herrian hutsunea badaukagula, eta udalak ezin du besoak gurutzatuta geratu". Alkateak azpimarratu du soilik azpiegiturei dagozkien beharrak direla taldeek helarazi behar dituztenak: "Ametsezko azpiegitura irudikatzeko aukera dute taldeek. Izan ere, Kultur Etxeko metro asko ez dira erabiltzen, eta hura zaharberrituta, guztiok eroso senti gaitezkeen leku bat sor dezakegu". Udalak elkarte bakoitzaren ekarpenak jasotzen dituenean, teknikariek ideia guztiak aztertuko dituzte. "Bakoitzaren beharrak Kultur Etxean nola txertatu ditzakegun aztertuko dute teknikariek. Azpiegitura horrek zer aukera ematen dituen eta guztien ideiak gauzatzeko ahalmenik ba al duen ikusiko dute". Ideiak aztertzearekin batera, prozesuaren diagnosia egingo dute udaleko teknikariek, eta alkateak aurreratu du udalak beste bilera bat deituko duela orduan. Udal Gobernuaren helburua da agintaldia amaitu baino lehen Kultur Etxeko lanen proiektua amaituta izatea. Kultur Mahaiaren bilera Kultur Mahaiak, berriz, laugarren bilera egingo du gaur, eta, hain zuzen ere, herriko kultur espazioen beharra eta udalak abiatutako prozesua izango dituzte hizpide. 19:00etan, Kultur Etxean elkartuko dira, kultur eragileetako kide guztiak gonbidatu dituzte hara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide