Euskaraldia izango da protagonista Amabirjin jaietako txupinazoan

Zestoako Hitza 2018ko irailaren 6a

Bihar, 12:00etan, jaurtiko dute suziria egitasmoaren sustatzaileek. Ekitaldirik ez da faltako hiru egunetan herrian. ’Gurea, kultura’ egitasmoa sortu dute zekorketa garaian alternatiba eskaintzeko.

Iazko txupinazoko irudia. (Ihintza Elustondo) Joan zen asteburuan motorrak berotu ostean, zestoarrak prest dira Amabirjin jaiez gozatzeko. Bihar, 12:00etan, hasiko dira jaiak, txupinazoarekin. Zestoan Euskaraldia egitasmoa sustatzen ari diren kideek izango dute jaiei hasiera emateko ardura, eta beraiek botako dute jaiei hasiera emango dien suziria udaletxeko balkoitik. Gainera, txupinazoaren ostean zabalduko dute Euskaraldia egitasmoan izena emateko epea. Aurten aldaketak izango dira amabirjinetako egitarauan. Hain zuzen ere, bihar Kuadrillen Eguna ospatuko dute herrian, eta ohiko legez, paella txapelketa eta kuadrillen bazkaria izango dira eguerdi partean. Ondoren, jolasak eta umeentzako ekintzak egingo dituzte, eta gauean bi kontzertu izango dira: Polybius eta Aneguria. Larunbatean, berriz, Amabirjin egunak hartuko du Zestoa. Askotariko ekintzak izango dira egun osoan zehar, baina izango da berrikuntza bat ere: herritar talde batek Gurea, kultura egitasmoa sortu du zekorketen garaian herritarrei "alternatiba" eskaintzeko. Hainbat ekimen antolatu dute arratsalderako. 17:15ean kalejira egingo dute Gurutzetik geltoki zaharrera, eta han Rodeo, Trini Fox eta Bad Sound System taldeen kontzertuak izango dira, 18:00etan hasita.  Ondoren, 21:30ean, bafle-poteoa egingo dute, eta  22:00etan DJ HGSren emanaldia izango da, Gaztetxean. Gurea, kultura egitasmoa babesteko hamar euroko bono laguntzak jarri dituzte salgai, eta horiek Fati, Mollergi eta Uztapide tabernetan nahiz Portale kultur elkartean eskura daitezke. Festetako azken eguna Igandean bukatuko dira aurtengo Amabirjin festak, baina egun osoan zehar ez da ekitaldirik faltako herrian. Dultzaineroen eta txistularien dianarekin hasiko dute eguna, eta ondoren, usadioari jarraituz, haurren udalbatzarra eta udalbatzaren kalejira egingo dituzte. Gainera, 12:00etan, umeek  txupinazoa botako dute udaletxeko balkoitik. Eguerdian txakolin dastaketa izango da festan jarraitu nahi dutenentzat, eta Nafarroako banderari gorazarre ere egingo diote herritarrek. Arratsaldean askotariko ekitaldiak izango dira, eta orain dela bi urte berreskuratu zuten Zahagi dantzarekin eta Havana  357 musika taldearen emanaldiarekin agurtuko dituzte jaiak zestoarrek. Festetako egitaraua, egunez egun: Gaur, osteguna 16:30. Udako gazteen pilota txapelketako finalak. Bihar, ostirala 12:00. Txupinazoa. Euskaraldiko parte hartzaileek botako dute, eta Euskaraldia egitasmoko izen-emateari hasiera emango diote. Ondoren, Zestoako Musika Bandaren eta Idikaitz txistulari taldearen kalejira, buruhandiekin. 12:30. Paella lehiaketarako prestaketak hasiko dira. Egunean zehar, Ustekabe txaranga. 14:30. Paella lehiaketako epaimahaia mahaietatik igaroko da. Ondoren, herri bazkaria plazan. 16:00-21:00. Puzgarriak, surf ohola, bideo-jokoak, wiiak frontoian eta Kultur Etxe aurrean. 17:00. Kuadrillen arteko jolasak, plazan. 18:00. Gaztetxoen krono igoera, Lauiturritik. 20:00. Zestoako batukada. 22:00. Polybius taldearen kontzertua, Laranjadi plazan. 23:00. Aneguriaren kontzertua, Laranjadi plazan. Etzi, larunbata. Amabirjin eguna 09:00. Zestoako dultzaineroen diana. 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana. 11:00. Zestoako Musika Bandaren eta Idiakaitz txistulari taldearen kalejira, Goizeko izarra martxaren doinuekin. 11:30- 13:30. Kaleko arteak: parkour, break dance, malabareak eta monozikloak, frontoian eta herriko txokoetan. 12:00. Meza nagusia, Milagrosa kaperan. 13:15. Zestoako Musika Bandaren kontzertua. 17:15. Gurea, kultura egitasmoaren kalejira, Gurutzetik geltoki zaharrera. 17:30.  Musika Bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, lehen zekorketa iragarriz. 18:00. Rodeo, Trini Fox eta Bad Sound System taldeen kontzertuak geltoki zaharrean, Gurea, kulturak antolatuta. 18:00. Lehen zekorketa. Toreatzailea: Jesus Garcia Iglesias (Madril). Ordezkoa: Alvaro Fernandez. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos. Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak. Ondoren, Zestoako Banda Erdikalean. 20:00. Suakai Elektrico taldearen emanaldia, Laranjadi plazan. 21:30. Bafle poteoa, Gurea, kulturak antolatuta. 22:00. DJ HGS, Gaztetxean, Gurea, kultura egitasmoak antolatuta. 23:00. DJ Davila, Foru plazan. Irailak 9, igandea 09:00. Zestoako dultzaineroen diana. 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana. 11:00. Haurren udalbatzarra. Ondoren, Erdikalean hasita, Haurren Udalbatzaren, udaltzainen, buruhandien eta abarren kalejira, Ustekabe txarangak lagunduta. 12:00. Umeek txupinazoa botako dute udaletxeko balkoitik. Ustekabe txaranga. 12:00. Meza nagusia, parrokiako abesbatzarekin, Milagrosa kaperan. 12:15. Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak eta poniak, umeentzat eta gaztetxoentzat. 13:00. Nafarroako banderari gorazarrea, Laranjadi plazan, bertsoz, jotaz eta dantza saioaz lagunduta. 13:30. Txakolin dastaketa. 14:30. Umeentzat, gaztetxoentzat eta gurasoentzat bazkaria. 16:30. Umeentzako eta gaztetxoentzako altxorraren bila izango da, Laranjadi plazan. Umeen gunea izango da, udaletxeko arkupeetan. 18:00. Bigarren zekorketa. Toreatzailea, Borja Collado. Ordezkoa: Alejandro Contreras. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos. Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak. 18:30. Apar festa, frontoian. Ondoren, Zestoako Musika Banda, Erdikalean. Ondoren, Zahagi dantza. Segidan, Havana 357 musika taldearen emanaldia, Laranjadi plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide