Aitor Korta: "Rock estiloko abestiak dira gureak, baina askotarikoak"

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2018ko ira. 6a, 10:11

Beste musika talde bat jaio da Zestoan. Taldea ez da jaioberria, 2016an egin baitzituen lehen urratsak, baina oraintsu ikusi du argia Polybius taldearen izen bereko lehen lanak. Lagun arteko musika jolas gisa hasitako bidea ari da "forma hartzen", Aitor Korta (Zestoa, 1979) taldeko bateria-jotzailearen arabera. 2016an hasi zineten lehen urratsak egin. Nolatan? Herrian bertsio gaua antolatu zuten, elikagai bankuari laguntzeko, eta lagun batzuek joko al genuen galdetu zidaten. Egun hartan emanaldia eskainita, entseatzen segitu genuen: kanta bat, beste bat, kontzerturen bat... Lehendik ezagutzen zineten taldekideok, ezta? Bai, zestoarrak gara guztiok. Gainera, laurok musika taldeetan aritutakoak gara. Narayanek Grises Sueñosen jotzen zuen; Hectorrek Azidon; Raulek Lin Ton Taunen eta Kareleanen lehen, eta Grisesen orain; eta ni Ttakunpan, Adabegin eta Kareleanen aritutakoa naiz. Eta orain Polybius. Zer musika egiten duzue? Rocka. Ez dugu bestelako gauza berezirik egiten. Nik bateria jotzen dut, Hectorrek baxua, Raulek gitarra, eta Narayanek  gitarra jo eta abestu egiten du. Zer da polybius? Narayan etorri zen taldeari Polybius izena jarri behar geniola esanez. Antza, tabernetako makinetan izaten zen joko horren inguruko testuren bat irakurri zuen hark, eta azaldu zigun joko haren ondorioz jendea bere buruaz beste egiten hasi zela. Hark irakurritako testuaren arabera, AEBek sustatutako jokoa zen Polybius, bukaerarik ez zuen jokoa. Istorio bitxia iruditu zitzaigun, eta izen horixe jarri genion taldeari. Diskoa kaleratu berri duzue. Nolakoa izan da lana osatzeko prozesua? Eñaut Gaztañaga ezagutzen dugu, eta hark esan zigun balekoak zirela kantak. Bagenekien Eñautek lan ugari zuela, baina tarte bat egin eta diskoa grabatzeko aukera eman zigun. Saiakera egin genuen kantak prestatzeko, eta halaxe erabaki genuen diskoa grabatzea. Grabaketa garaian, gainera, Eñautek hainbat aholku eta iradokizun eman zigun, eta hori luxua da. Ea orain buelta ematen diogun, kontzertu batzuk eskainita eta diskoren batzuk salduta. Diskoa entzungai eta salgai dago dagoeneko Interneten eta herriko tabernetan. Nola deskribatuko zenuke lana? Denetariko abestiak jaso ditugu diskoan: biziak, lasaiagoak, gogorragoak, garbiagoak... Kanta guztiak ez dira punk-rock edo poperoak, rock estiloko kantak dira gureak, baina askotarikoak. Hitzak, berriz, normalean Narayanek sortzen ditu, berak abesten duelako, eta  Raulek ere bai. Diskoa atera aurretik eman dituzue kontzertu batzuk. Zer nolako harrera jaso duzue? Hiru-edo eskaini ditugu, e... [barre artean]. Diskorik ez genuen orduan, eta jendeak kantak ez zituen ezagutzen. Kanta bat lehen aldiz zuzenean entzun eta berehala iritzia ematea ez da erraza. Beraz, ez da erraza jendeak zer harrera egin zigun esatea, baina balorazio positiboak ere jaso genituen. Eta, beharbada, iritzi horiek ere eman ziguten diskoa grabatzeko bultzada. Diskoa kaleratuta, jaso al duzue iritzirik? Joan zen ostiralean jarri genuen entzungai eta salgai, eta jendeak esan digu gustatu zaiola. Ostiralean etxean ariko zarete bigarrenez. Oraingoan Laranjadi plazan. Gogoz al zaudete? Bai, gogoarekin gaude. Festak dira, eta berez, festarako gogo gehiago daukagu, baina... Egia esan festetan jotzea eskaini zigutenean, hasieran, ezezko ematekotan egon ginen; izan ere, festak irail hasieran izanik, abuztuan entseatu egin behar genuen, oporrak genituen... Baina azkenean egutegia moldatu, eta baiezkoa eman genuen. Zestoan musikarako joera handia dago, ezta? Baietz uste dut. Zestoarrok xelebreak garela diote, eta, igual, horregatik izango da [barrez]; ez digu lotsarik ematen zerbait sortzeak. Proiektu dezente ateratzen da, eta uste dut polita dela halako herri txiki batean hainbeste talde sortzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide