Paula Nogales zestoarrak egindako diseinua izango du Zestoako Amabirjin jaietako egitarauaren azalak. Lehiaketa jarri zuen nartxan Zestoako Udalak, eta bost lagunek zortzi lan aurkeztu zituzten. Epaimahaiak Nogalesen lana aukeratu du, eta udalak azaldu duenez, datorren astean hasiko dira egitaraua banatzen. Nogalesek 250 euroko diru saria jaso du lehiaketa irabazteagatik.
Aurten aurkeztu da lehiaketara lehen aldiz Nogales. Gainera, bera arduratu da egitarauaren diseinuarekin eta maketazioarekin, eta udalak lan hori egitea eskaini zionean erabaki zuen gazteak azalaren lehiaketan parte hartzea. Izan ere, haren arabera, programa batek "bere esentzia" izan behar du. "Azalak eta barruko eduki guztiak jarraikortasuna eta harmonia izan behar dituela uste dut, eta horregatik aurkeztu nintzen lehiaketara".
Diseinu Grafiko ikasketak ari da egiten zestoarra, eta azala egiterakoan Zestoan oinarritu dela azaldu du. "Herriko plaza beti izango da gure ikurra, eta egin dudan lanarekin jendea festetara gonbidatu nahi izan dut", azaldu du.
Honako hau da egitarauaren azala: