Zestoako Bainuetxeko beharginek lan hitzarmenaren aurreakordioa lortu dute

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2018ko uzt. 17a, 09:42

Atzo egin zuten langileen ordezkariek eta Tres Mares SAko kideek batzarra Lan Harremanen Donostiako egoitzan. Hitzarmena lau urterako izango da –2021era arte–, eta ELAk eta LABek azaldu dutenez, Lan Erreformaren aurkako bi klausula ere hitzartu dituzte. Oraindik datarik ez dute, baina aurki izango dela espero dute Bainuetxeko langileek.

Asteak dira Zestoako Bainuetxeko beharginek lan hitzarmen berria aldarrikatzeko protestak hasi zituztela, eta hainbat bileraren ostean, atzo lortu zuten langileen ordezkariek eta Tres Mares SA enpresaren zuzendaritzak –enpresa horrek kudeatzen du bainuetxea– lan itunaren aurrekoardioa. Lan Harremanen Donostiako egoitzan egin zuten bost orduko bilera, eta hainbat puntu hitzartu dituzte. Hitzarmena lau urterako izango da –2021era arte–, eta ELAk eta LABek azaldu dutenez, Lan Erreformaren aurkako bi klausula ere hitzartu dituzte: batetik, hitzarmenaren lau urteak pasatzean eta berria sinatu bitartean, epe mugagabean errespetatu beharko du enpresak ituna; eta, bestetik,  inaplikazio klausula, hau da, hitzarmena bete beharko du enpresak lau urtetan. Bi puntu horiek "oso garrantzitsuak" direla adierazi dute sindikatuetako ordezkariek. Puntu horiez gain, aldizkako kontratua zuten hainbat langileri kontratu finkoa egingo diete, eta jaiegunetan lan egiteagatik dagokien errekonozimendua areagotzea ere lortu dute beharginen ordezkariek. Gainera, soldatetan ere igoera izango dute. Atzo arratsaldean bertan egin zuten langileen ordezkariek eta beharginek asanblada, eta aurrekoardioa izan zuten hizketagai. Langileek onartu egin zuten negoziatutako lan ituna, eta, beraz, hitzarmena sinatzea besterik ez zaie falta horiei. Oraindik datarik ez dute, baina aurki izango dela espero dute Bainuetxeko langileek. Aurreakordioa erdietsi badute ere, langileen ordezkariek esan dute "prekarietatearen aurka" borrokatzen jarraituko dutela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide