(Aizarnako Herri Elkartea)
Aizarnako Herri Elkarteak
kamioi handien presentziaren inguruan agertuta "kezkari" irtenbidea ematen saiatuko da Zestoako Udala; izan ere, Josetxo Mendizabal alkateak azaldu duenez, gaur egin dute gaia lantzeko Hirigintza Batzordea, eta han erabaki dute hainbat neurri hartea. Mendizabal jakitun da kamioiek errepidean nahiz Aizarnako herrigunean sortzen dituzten arriskuez. Hark dioenez, baina, egurrak ateratzen jarraituko dute baserritarrek eta egurzaleek datozen bizpahiru urteetan, eta arazoari irtenbidea emateko, erabaki dute kamioien inguruko hainbat seinale jartzea kaskoan eta abiaduraz ohartarazten duten beste batzuk jartzea Aizarnako sarreran. Horrez gain, elkarteko kideekin bilduko dela adierazi du alkateak, zer neurri har ditzaketen aztertzeko. "Egia da arriskua sortzen dela, baina guk ezin dugu askoz gehiago egin".
Aizarnako Herri Elkarteko kideak "oso kezkatuta" daude kamioien presentziarekin; izan ere, haien arabera, ibilgailu horiek arriskuan jartzen dute herritarren segurtasuna, errepidean eta Aizarnako plazaren inguruan. Eta kezka horretatik abiatuta, herri elkarteak hainbat eskaera egin zion Zestoako Udalari. Batetik, GI-3730 errepidetik igarotzen diren garraiolariei araudia betearaztea; bestetik, herritarren segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea errepidean eta herrigunean; eta garraio astunak herrigunetik ez igarotzeko konponbidea aurkitzen saiatzea.
Elkarteak adierazi duenez, azken egunetan trailerrik ez da pasatzen Aizarnatik eta inguruko errepideetatik, baina "araudia betetzen ez duten" beste ibilgailu batzuen presentziaz ohartarazi du. "Erremolkedunak erabiltzen dituzte orain. Bost edo sei ardatzeko ibilgailuak dira, eta 26 tonatik gorako karga garraiatzen dute". Aitzitik, elkarteak uste du ibilgailu horiek ez dutela GI-3730 errepidean ibiltzeko aldundiaren baimenik. Zestoako alkateak berretsi du dagoeneko ez direla trailerrak ibiltzen egurra ateratzen. "Aldundiko ordezkariekin hitz egin genuen Aizarna inguruko errepideetan zer kamioi mota ibil daitezkeen argitzeko, eta haiek esandakoa egurzaleei, baserritarrei, Ertzaintzari... denei jakinarazi genien". Trailerren zirkulazioa "debekatuta" dagoela gogorarazi du Zestoako alkateak, eta esan du hiru ardatzeko kamioiak eta erremolkedunak soilik igarotzen direla azken egunetan. Gainera, hark esan du egurzaleekin eta baserritarrekin bildu zela udala, eta aizarnarren kezkaren berri badutela horiek.
Gaiak luzerako emango duela uste du Mendizabalek, baina ahalik eta neurri egokienak hartzen saiatuko direla esan du. "Kezkatuta gaude, eta saiatuko gara segurtasuna bermatzen".