Zestoako Bainuetxeko langileek protestekin jarraituko dute, lan baldintzak hobetzea eskatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2018ko mai. 30a, 16:38

Soldataren eguneratzea ez ezik, beste hainbat lan baldintza hitzartzea ere nahi dute bainuetxeko langileek. Atzo egin zuten batzarra beharginek, eta ekainaren 8rako elkarretaratzea deitu dute bainuetxean bertan. Datorren ekainaren 18an egingo dute langileen ordezkariek eta sindikatuek hurrengo bilera bainuetxearen jabearekin. Akordiorik lortu ezean, mobilizazioekin jarraituko dutela azaldu dute ELA eta LAB sindikatuek.

Zestoako Bainuetxeko langileek elkarretaratzea egin zuten joan zen astean Donostian. (LAB sindikatua) Zestoako Bainuetxeko langileek protestak hasi dituzte, lan baldintzen gaineko hitzarmena berritzea eskatzeko. LABek eta ELAk deituta ari dira mobilizazioak egiten; izan ere, langileek 2013an sinatu zuten hitzarmena, eta 2015ean gelditu zen akordio hura bertan behera. "2015ean, Espainiako Gobernuaren erreforma batek bainuetxeko langileen soldatetan %15eko jaitsiera eta 17 orduko lanaldi igoera eragin zuen. Duela bi urte saiatu ginen bainuetxea kudeatzen duen Tres Mares SA enpresarekin lan baldintzez hitz egiten, baina ez genuen erantzunik jaso", azaldu du LAB sindikatuak. Gaur egun, 50 bat lagunek egiten dute lan Zestoako Bainuetxean, eta horietatik 42 bat dira kontratu finkoa dutenak. Soldataren eguneratzea ez ezik, aldi baterako kontratua duten langileak finko egitea ere eskatzen dute ELAk eta LABek; izan ere, 2013tik ez dute langilerik finko egin. Horrez gain, LABek azaldu du, jaiegunetan lanera joaten direnean, langileei ordaindu egiten dietela egun horri dagokion zenbatekoa, eta horrek "lan jarduna handitzea" dakarrela. Horren aurrean, egun horiek jaiegunekin konpentsatzea eskatzen dute sindikatuek. Langileen ordezkariak eta sindikatuetako kideak bitan elkartu dira bainuetxearen jabearekin, eta horiek azaldu dutenez, bilera haietan eskaera batzuk onartu bazituen ere, "oraindik ez dago ezer itxita". LABeko kideen arabera, soldaten kontua "ez aurrera eta ez atzera dago", eta hori desblokeatu nahi dute. Hain zuzen ere, blokeo egoera hori tarteko hasi dituzte mobilizazioak langileek. Joan zen astean Donostian egin zen Turismoaren Munduko Kongresuan izan ziren beharginak, protestan. "Han izan zen bainuetxearen jabea, eta hark jarri izan duen diruaren aitzakia ez da erreala, azken urteetan hiru bainuetxe izatetik bederatzi edukitzera edo kudeatzera iritsi delako eta iaz bainuetxeak %90eko okupazioa izan zuelako". Hurrengo asterako ere jarri dute protesta hitzordua langileek; ekainaren 8an, ostiralean, elkarretaratzea egingo dute bainuetxean bertan. Izan ere, atzo egin zuten langileek batzarra, eta han erabaki zuten mobilizazioekin jarraitzea, adostasunik lortzen ez den bitartean. Datorren ekainaren 18an egingo dute langileen ordezkariek eta sindikatuek hurrengo bilera bainuetxearen jabearekin. Lan Harremanen Kontseiluan egingo dute bilkura, LABek azaldu duenez, orain arteko bileretara "berandu" agertu izan delako bainuetxearen jabea: "Bezperan abisatuta ez da agertu izan edo berandu hasi izan dugu bilera, eta LHKra jotzea erabaki genuen". Azken bileran eskaera guztiak jarri zizkioten mahaiaren gainean jabeari, baina ordutik ez dira harekin elkartu: "Oraingo bileran prest badago eskaerari erantzuteko, ondo; bestela, mobilizazioekin segituko dugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide