Kultur Mahaiko bilera bateko irudia. (Danbolin.eus)
Herriko kultur mugimenduaren egoeraz hausnartzen hasi dira Zestoako kultur taldeak, Kultur Mahaia deitu duten bilgunean. Apirilaren erdi aldean egin zuten lehen bilera, batez ere, herriko kultur taldeen arteko komunikazio gabeziarekin kezkatuta. Amaiur Aristi da Kultur Mahaiko kideetako bat, eta hark azaldu duenez, "elkarlanean hasteko beharra" sumatu zuten talde batzuetako kideek. "Ikusten genuen herrian kultur talde asko dagoela, mugimendua badela, baina bakoitza bere erara zebilela. Elkarlanerako beharra nabaritu genuen, Zestoako kultur mugimenduaren norabideak zein izan behar duen zehazteko".
Zestoako kultur talde guztiei –30 bat dira– egin zieten lehen bilerarako deia, eta hamar bat taldetako ordezkariak bertaratu ziren. Bilera hartan erabaki zuten, lehendabizi, elkar ezagutu behar zutela: "Taldeak zeintzuk diren, bakoitzak zer egiten duen, zein diren taldeetako kideak... guzti horren berri izatea beharrezkoa da". Horretarako, galdetegi bat osatu zuten, eta talde guztiei igorrita, 28ren erantzunak jaso zituzten. "Diagnosiarekin ikusi ahal izan dugu talde bakoitzak zer oztopo eta behar dituen". Galdetegi horien emaitzetatik abiatuta, taldeen helburu orokorrak, oztopoak eta indarguneak zeintzuk diren ondorioztatu dute Kultur Mahaiko kideek.
Talde guztiei dei berezia eginda, Kultur Mahaiak beste bilera bat deitu zuen maiatzaren 9rako, eta 25 bat lagun elkartu ziren orduko hartan. Ordura arte egindako bidea aurkeztu zieten bertaratutako lagunei, eta ondoren, Kultur Mahaiak izan behar dituen helburuez, funtzionamenduaz nahiz antolaketaz hasi ziren hizketan.
Hasi dira forma ematen
Dagoeneko hasi dira Kultur Mahaiari forma ematen, eta hainbat lehentasun nabarmendu dute herriko taldeetako kideek. "Eragileek dituzten zailtasunak partekatzea, taldeen arteko elkarlana eta komunikazioa sustatzea, agendaren koordinazioa gauzatzea eta herriko kultur espazio egoki baten beharrari aterabidea ematea dira mahai gainean ditugun gaiak", azaldu du Aristik. Horrez gain, Kultur Mahaiaren dinamizazioa ere landuko dute aurrerantzean. "Hilero elkartzeko konpromisoa hartu dugu, eta pixkanaka-pixkanaka joango gara Kultur Mahaiari forma ematen".
Kultur taldeak bide berri bat urratzen hasi izana "interesgarritzat" jo du Aristik. "Hasieran uste genuen gutxi batzuon beharretatik abiatutako zerbait zela, baina ikusi dugu jendea gogoz dagoela eta halako talde bat faltan sumatzen zuela". Taldearen aniztasuna azpimarratu du zestoarrak, eta kultur taldeetako kideak aurrera egiteko "gogotsu" daudela esan du. "Talde batzuk handiagoak dira, besteak txikiagoak, baina ikusi dugu ez ditugula hain helburu desberdinak". Gainera, taldeetako kideei ez ezik, norbanakoei bileretara bertaratzeko deia egin die.
Ez da ezerezetik sortu
Zestoan Kultur Mahaia eratzeko ideia ez da ezerezetik sortu. Izan ere, Zestoako Udalak kultur taldeen topagunea deitzen zuen hilean behin. "Hura zen kultur taldeetako kideon topalekua, baina arrazoi desberdinak tarteko, ez zuen funtzionatu; jendeak ez zuen bere sentitzen gune hura. Talde hura agortu egin zen, eta udalak ez du deialdirik egin joan den urte eta erdi inguruan".
Topagune hura dinamizatzen "asmatu ez" zenez, baina helburuak "egoki" ikusten zituztenez, beste ahalegin bat egitea erabaki zuten hainbat kultur eragiletako kideek, eta horren emaitza da gaur arte egin duten lana. Orain, baina, udal ordezkariak eta teknikariak ez dira parte hartzen ari bileretan.
Dena den, Aristik azaldu duenez, udalarekin harremana etengabekoa izango dela aurreikusten dute. Halere, hark esan du aztertzeko dutela nolakoa izan behar duen harreman horrek. "Egunen batean, kultur espazio bat egingo bada Zestoan, adibidez, udalak egingo ditu lanak, baina kulturgune hori Kultur Mahaiak eta udalak, biek, diseinatzea nahiko nuke. Taldeen beharrei eta nahiei begiratu behar zaie, eta ez zerbait egin herriak zer behar dituen aztertu gabe", esan du. Bide horretan, udalak herriko kultur espazioen eta taldeen beharren diagnosi bat egin behar lukeela adierazi du Aristik.