Zestoako EH Bilduk kiroldegiko lanen kostua "gora eta gora" doala salatu du. Egoerarekin "kezkatuta" agertu da koalizioa, eta Udal Gobernuaren jokabidea salatzeko gutuna kaleratu du. Hona hemen gutuna osorik:
Zestoako kiroldegiko irudia. (Zestoako EH Bildu)
"Azpeitiko Izarraitz pilotalekuko obrak hasi aurretik, besteak beste harmailak babestu egin ditu Azpeitiko Udalak. Aldiz, Zestoako Udalak obratik kanpo dagoen pilotalekuan ez du inolako babes neurririk hartu, eta obrak sortutako hauts eta abarrekin, sabaiko txapak ez ezik, harmaila ere kaltetua izaten ari da.
Bere garaian salatu genuen kiroldegiko obren hasierako aurrekontua 1.200.000 eurokoa bazen ere (udalak eta foru aldundiak erdibana), aurrekontua onartu bezperan EAJren gobernuak udalak oso-osorik ordaindu beharreko 400.000 euroko gehikuntza ezarri zuen, eta azkeneko minutuan aurrekontua %30ean garestitzea ez zela serioa iritzita ez genuen gobernuaren azken aldaketa onartu.
Kudeaketa ekonomiko txarrari kudeaketa politikorik eza gehituta, kirol eragileekin eta erabiltzaileekin ez dute egin bilerarik, ez diete eman informaziorik, ez dute egin azken urteetako erabilpenaren azterketarik... eta gure kezka agerian jarri nahi izan genuen.
Obrak hasi eta hiru hilabetera, lehen egindako gehiketaz gain, udalak beste 200.000 euro gehitzea erabaki du EAJren gobernuak, ekipamendu gastua bere garaian sartzea ahaztu egin zitzaiela argudiatuta. Beraz, jatorrizko 1.200.0000 euroak dagoeneko 1.800.000 eurora igo dira (bataz beste, bost urterako inbertsioetarako dirua).
Gauzak dauden bezala udalak hasierako aurrekontu osoa ordaindu beharko du, aldundiak jatorrizko aurrekontuaren erdia bakarrik ordainduko duelako, 600.000 euro alegia. Pilotalekua proiektutik kanpo gelditu dela kontutan hartuta, behar bezala babestu gabe gelditu diren eremuetako kalteek ere itxura guztien arabera obra are eta gehiago garestituko dutenez, azkenean ez dakigu zenbat kostatuko zaigun zestoarroi kiroldegiko obra, eta zoritxarrez, herrian ditugun beste hainbat behar erabat baldintzatuta geldituko zaizkigu".