Egitarau oparoarekin ospatuko dute gaur Zestoan Zoroperi eguna

Zestoako Hitza 2017ko abenduaren 26a

Pilota jaialdirik ez da izango aurten, kiroldegia obretan dagoelako. Horren ordez, bertso poteoa egingo dute arratsaldez .Txoko Feministak indarkeria matxista salatuko du.

Zoroperiak ospatzen ari dira Zestoan. (Julene Frantzesena) Gabonetako festen bueltan, jai egun handia izan ohi dute Zestoan: Zoroperi eguna. Eguberri biharamunean, ohi bezala, herriko eta eskualdeko nekazariek eta artisauek parte hartuko dute, eta hainbat lehiaketa izango da egunean zehar. Aurreko urteetako egitarau antzekoa prestatu dute gaurkorako, baina izango da aldaketarik. Izan ere, kiroldegia obratan egonik, ez dute arratsaldeko pilota jaialdirik egingo; horren ordez, bertso poteoa antolatu dute. Horrez gain, urteroko barazki eta fruta lehiaketa egingo dute goizean, eta aurtengoan zazpi taldek edo baserrik hartuko dute parte. Ezti lehiaketari dagokionez, hogeigarren urtea izango da aurtengoa. Ekintza feminista, plazan Horrez gain, Zestoako Txoko Feministak emakumeen aurkako indarkeria salatzeko ekimena antolatu du Zoroperi egunerako. 13:00etan, plazan elkartuko dira, eta herritarrei dei egin die parte har dezaten. EH Bilduk ere bat egin du ekimenarekin.

Egitaraua

Gaur, asteartea 09:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana. 09:00. XXVIII. Barazki eta Fruta Lehiaketa. 09:00. Urolako XX. Ezti Lehiaketa eta erlezaintzari buruzko ekitaldiak: erlea, erlezaintza eta erlauntza produktuen erakusketa didaktikoa –azalpenak 12:30etik aurrera, erlauntza produktuen eta onuren azalpenak, eta eztiak dastatzeko aukera. 09:00. Haurrentzako tailerrak: eskulan edo margoketa tailerra. 09:00. XIX. Zestoako Gazta eta Sagardo lehiaketa. Horiez gain, Segurako talogileak, Zestoako artisauak eta salmenta postu ugari izango dira. 11:00. Herriko hainbat belaunalditako trikitilariak, kalejiran. 11:30-13:30. Photocall saioa. Baserritarrez jantzita joatea komeni da. 12:00. Herriko hainbat belaunalditako trikitilarien emanaldia, plazan, eta Idiakaitz txistulari taldearen kalejira. 12:15. Barazki eta fruta, ezti, gazta eta sagardo lehiaketetako sari banaketak. Gero, trikitilariak. 13:00. Gazta eta sagardo dastaketa, plazan. 17:30. Txotxongiloak 3 urtetik gorako umeentzat, Kultur Etxean. 18:00. Tabernaz taberna, bertso poteoa. 20:00. Obaneuke erromeria, udaletxeko arkupetan, afal ordura arte. 22:00. Obaneukeren erromeria, udaletxeko arkupetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide