Zestoako Gurutzeaga plazako 3. zenbakian dago lokala. (Hitza)
Joan zen ostegun arratsaldean hainbat gazte identifikatu zuen Ertzaintzak Zestoan. Gurutzeaga plazako 3. zenbakian dagoen lokalean zeuden gazteak, eta udalak lokala ixteko emandako agindua tarteko identifikatu zituzten horiek; izan ere, udalak dio uztailean onartu zuen ordenantzaren arabera, "lokalak ez dituela baldintzak betetzen".
Gazteek azaldu dutenez, udalak "egun batetik bestera" jakinarazi zien lokala ixteko agindua zegoela. "Udaletxera joan ginen informazio eske, baina jarrera ezkorrez emandako erantzuna soilik jaso genuen. Gainera, udal ordezkari batek esan zigun salaketa ugari genituela, baina erakusteko esan genioenean, ezezkoa jaso genuen". Josetxo Mendizabal alkateak dioenez, lokala egokitzeko "zain egon dira, baina jabeak halakorik egin ez duenez, ixteko agindua eman zuten urriaren hondarrean.
Alkatearen arabera, lokalaren gaineko etxeetako bizilagunek hainbat kexa adierazi diote "zarata" dela eta, eta "haiek deskantsatzeko eskubidea" dutelako hartu dute erabakia. "Zaratak tarteko, uda bueltan kexatzen hasi ziren bizilagunak. Neurriak hartu ditugu, ixteko agindua eman dugu, baina ez da bete, gazteek han segitu dute. Kexatzen jarraitu dute bizilagunek, eta ostegunean administratzaileak-edo Ertzaintzari deitu zion". Gazteek diotenez, Ertzain Etxean esan zieten deia ez zuela hark egin.
Zestoako Udalak 2017ko uztailaren 26ko udalbatzarrean onartu zuen gazte lokalen inguruko araudia, EAJren aldeko botoekin –EH Bildu abstenitu egin zen–. Ordenantza horretan jasotzen denez, hainbat baldintza bete behar dituzte gazte lokalek: biltegi zein industria hiri-lurzoruan kokatuko dira; kaletik zuzeneko sarbidea izan behar dute; lokalak, gutxienez, 250 metroko altuera eta komuna izan behar ditu; sukalderik ezin da jarri; behe tentsioko instalazio elektrikoa eduki behar du; aireztapen artifizial sistema jarri behar da eta ur-hartunea izan behar du; eta 75 dezibeleko neurrian intsonorizatu behar da.
Gazte lokaleko kideen aburuz, baldintza horiek "zorrotzak" dira. "Helburua bakarra da: gazte lokalik ez egotea herrian". Haiek azaldu dute, zaratari lotutako neurria diskoteka bati ezartzen zaionaren parekoa dela. "Egokitzapen hori egiteko, gainera, 27.000 euro inguru behar dira". Gazteek esan dute lokalean telebista soilik dutela: "Ez dugu musika entzuteko gailurik ere. Aisialdirako gune arrunt bat da, eta uste dugu baldintzak zorrotzegiak direla".
Gazteek udalari eskatu diote "lokalei bidea irekitzeko moduko" ordenantza onartzea, "inguruko herrietakoen modukoa eta aisialdirako eskubidea bermatuko" diena. Udal ordezkariei bilera egiteko eskaera ere egin diete, "egoerari irtenbidea" emateko.