Azaroaren bukaera aldean hasiko dira Zestoako kiroldegia berritzen

Zestoako Hitza 2017ko urriaren 30a

Gaur lankidetza hitzarmena sinatu dute Zestoako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta akordio horri esker, lanak egiteko aldundiak 600.000 euro emango dizkio udalari. Aurrekontuaren gainerako zatia, milioi bat euro, udalak jarriko du. Lanek bukatuta egon beharko dute 2018ko abendurako.

Goizane Alvarez, Denis Itxaso eta Josetxo Mendizabal, Zestoako kiroldegiaren aurrean. (Gipuzkoako Foru Aldundia) Gaur, astelehena, sinatu dute Zestoako kiroldegia handitzeko hitzarmena Josetxo Mendizabal alkateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol diputatu Denis Itxasok. Akordioa tarteko, aldundiak 600.000 euro emango dizkio udalari, kiroldegia birgaitzeko eta handitzeko. Aurrekontuaren gainerako zatia, milioi bat euro, udalak jarriko du. Kiroldegiaren eraikina 1976koa da, eta gaur egun herritarrek dituzten eskaerei ez diela erantzuten azaldu dute aldundiko nahiz udaleko ordezkariek. "Gainera, egungo instalazioek irisgarritasun arazoak dituzte". Aldundiak esan duenez, hainbat ekintza egiteko aukera izango da kiroldegi berrian. "Frontoi osagarri txiki bat, gimnasioa, muskulazio aretoa, balioanitzeko bi gela, harrera, masaje aretoa, bilera gela, aldagelak... izango dira". Itxasok azaldu duenez, aldundiaren lehentasuna da lehendik dauden eraikinak "berritzea". Kiroldegia berritzeko lanak azaroaren 20tik 25era bitartean hasiko dituztela adierazi du Zestoako Udalak, eta hitzarmenaren arabera, horiek bukatuta egon beharko dute 2018ko abendua baino lehen. Lanak hasten dituztenean, "umeek aterpean jolasteko aukera izan dezaten" kiroldegiko frontoiaren zati bat erabilgarri izango dela aurreratu dute udal ordezkariek. Hitzarmenaz balorazio "oso positiboa" egin dute udalak eta aldundiak. "Oso garrantzitsua da baliabide publikoak modu eraginkorrean eta jasangarrian erabiltzea, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta", azaldu du Denis Itxaso diputatuak. Mendizabalek, berriz, "egun garrantzitsua" dela esan du. "Kirolegia berritzeko horrelako akordio bat lortzea garrantzitsua da guretzat. Udalak dituen baliabideekin oso zaila zatekeen horrelako berrikuntza bat egitea, eta gure esker ona adierazi nahi diegu aldundiko kideei". Hitzarmena sinatu ostean, kiroldegia ikusten izan dira Zestoako Udaleko nahiz aldundiko ordezkari politikoak. 2017ko apirilean onartu zituen Zestoako Udalak 2017ko udal aurrekontuak, eta orduan erabaki zuten kiroldegia berritzea dela aurtengo lehentasunetako bat. Uztaileko udalbatzarrean eztabaida eragin zuen kiroldegia berritzeko lanen aurrekontuak; izan ere, Udal Gobernuak erabaki zuen 1.200.000 eurotik 1.600.000 eurora handitzea obren aurrekontua, eta EH Bilduk igoera horren aurkako boza eman zuen, "udalbatzarra hasi baino bi ordu lehenago" eman ziotelako erabakiaren berri. Koalizioko kideek azaldu zutenez, "beharrezkoa" da kiroldegia berritzea eta obra "duina" egitearen alde daude, baina ez dute ikusten hainbeste diru gastatu behar denik. "Uste dugu azterketa bat egin behar dela kiroldegiak zer nolakoa izan behar duen jakiteko eta herritarrek zer behar dituzten ezagutzeko. Baina halako lanik ez da egin, eta kritikotasunez bada ere, 1.200.000 euroko aurrekontua onartzeko prest geunden".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide