24 lagunek parte hartuko dute bihar jokatuko den Ondarbasoko Igoeran

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko ira. 1a, 10:34

Lasterketa herrikoiaren XXXII. edizioa izango da. 22 gizonek eta bi emakumek parte hartuko dute. 18:00etan aterako da lehen txirrindularia Erdikaletik. 3,2 kilometroko ibilbidea du probak.

Iazko parte hartzaileak sari banaketa ekitaldian. (Hitza) Zestoako Amabirjin jaiak ate joka dira, eta horren erakusle dira bihar ospatuko duten Gazte Eguna eta etzirako prestatu duten Jubilatuen Eguna. Bihar goizean gazteen VIII. Esku Pilota Txapelketaren finalak eta IV. Ardi Txakur Lehiaketa egingo dituzte. Eguerdian, mokadutxoa egin ahal izango dute hala nahi dutenek udaletxeko arkupeetan, eta, arratsaldean, hain entzutetsua den Ondarbasoko Igoera egingo dute. 18:00etan hasiko da txirrindularitza proba herrikoiaren XXXII. edizioa. Parte hartzaileak Erdikaletik abiatuko dira Ondarbasora. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurten 24 lagunek eman dute probarako izena: tartean, bi emakumek. Gorka Olaizola probaren antolatzaileak parte hartzaile kopuruaren balorazio "ona" egin du. "Izan dira jende gutxik parte hartu duen urteak, baina azkenengoetan ondo gabiltza. Iaz, 29 lagun izan ziren, eta, aurten, 24. 20-30 lagunek izena ematen badute, gu gustura". Olaizolak bi emakumek parte hartuko dutela nabarmendu du: "Iaz, Nerea Irure bakarrik atera zen, eta urte batzuetan, emakume bat bera ere ez. Aurten bi izango direnez, saltsa izango da". Erlojupeko proba izanik, txirrindulariak banaka aterako dira, eta antolatzaileek hala erabakita, lehen 11 parte hartzaileek hiru minutuko aldea izango dute abiatzerakoan. Gainerakoek, berriz, bi minutuko tartea. Sari banaketa ekitaldia Proba 19:30 aldean bukatzea aurreikusten dute antolatzaileek, eta 20:00etan egingo dute sari banaketa ekitaldia Laranjadi plazan. Lehen emakumearentzat eta gizonarentzat izango dira sariak, eta gainerako parte hartzaile guztiek oroigarri bana jasoko dute. Gizonen mailan, iaz afizionatuen eta herritarren sari bana banatu behar izan zuten, afizionatu batek irabazi zuelako. Ondarbasoko proba herrikoia bada ere –zestoarrek soilik parte har dezakete–, afizionatuak eta federatuak ere ateratzen dira. Iaz, Ondarbasoko Igoeraren errekorra ezarri zuen Jon Agirre txirrindulari afizionatu gazteak. 3,2 kilometroko ibilbide maldatsua 11 minututan eta 15 segundotan egin zuen. Haren ostean, zortzi segundora, sailkatu zen Joseba Albizu, eta hirugarren izan zen Iñaki Gabarain. Aurten ez du parte hartuko Agirrek, baina han izango dira, besteak beste, azken urteetan proba irabazi duten Jon Mendia, Joseba Albizu eta Iñaki Gabarain.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide