Zestoako Amabirjin jaietako pilota jaialdirako sarrerak eros daitezke dagoeneko

Zestoako Hitza 2017ko abuztuaren 16a

Zestoako Pilota Elkarteak antolatutako jaialdia irailaren 8an, 22:30ean izango da. Lehen partida Dariok eta Tolosak Ugalderen eta Erostarberen kontra jokatuko dute. Partida nagusian, berriz, Irribarria eta Rezusta eta Altuna eta Zabaleta izango dira aurrez aurre. 30 euro ordaindu behar da sarrera.

Zestoako Amabirjin jaietako pilota jaialdia itxi du udalak dagoeneko. Aurtengo eskuzko partidak irailaren 8an, ostiralez, izango dira. Lehen partida Dariok eta Tolosak Ugalderen eta Erostarberen kontra jokatuko dute. Bigarrengoan, berriz, Irribarriak eta Rezustak Altuna eta Zabaleta izango dituzte aurrez aurre. Lehen partida 22:30ean hasiko da, Gurutzeaga pilotalekuan. Sarrerak 30 euro ordaindu beharko dira, eta aurrez eskura daitezke 634 43 47 42 telefonora deituta. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira lehiatilan. Zestoako Pilota Elkarteak iaz udalaren esku utzi zuen pilota partiden antolaketa, jaialdiak "galera ekonomikoak sortzen zituelako". Halere, aurtengo jaialdia elkarteak antolatu du, eta elkarteko kideek adierazi dutenez, diru galerak udalak bere gain hartuko ditu halakorik balitz eta irabaziak, berriz, elkartearentzat izango dira. Elkarteak jakinarazi duenez, iazko jaialdiak 2000 euroko diru galera eragin zion udalari. Horren aurrean, eta herriko festetan profesionalen partidak jartzea "ona" dela uste badu ere, elkarteak esan du "agian" frontoi zaharrean jaietako egun guztietan, "garai batean bezala" afizionatuen partidak antolatzeko une egokia izan daitekeela oraingoa. "Ekonomikoki askoz bideragarriagoa da eta egunero inguruko pilotari gazteei bertan jokatzeko aukera emango zaie", azaldu du elkarteak. Bestalde, abuztuan gaztetxoen Eskuzko Pilota Txapelketa ari dira jokatzen Zestoan, eta finala irailaren 2an jokatuko dela adierazi dute, 11:00etan hain zuzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide