Hilaren 12an hasiko dira Aizarnako Amabirjin jaiak, oilasko biltzearekin

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko abu. 4a, 10:07

Txupinazoa 12:00etan botako dute, eta lau egunez festa giroa izango da nagusi auzoan. Umeen eta helduen egunak ospatuko dituzte. Amabirjin egunean bukatuko dira jaiak

Iazko amabirjinetako irudi bat. (Ane Aranburu) Bihar zortzi hasiko dira Amabirjin jaiak Aizarnan. Lau eguneko festak ospatuko dituzte auzoan, eta herritarrek izango dute zer egin abuztuaren 12tik 15era bitartean. Larunbatean, abuztuaren 12an, hasiko dira jaiak txupinazoarekin, eta hurrengo orduetan eta egunetan otorduak, jolasak, emanaldiak, kontzertuak eta abar izango dira Aizarnan. Gainera, usadioari jarraituz, oilasko biltzea egingo dute auzotarrek festen lehen egunean. Hain zuzen ere, 07:30ean hasiko dute oilasko biltzea, eta baserriz baserri ibiliko dira eskean, trikitilariek lagunduta. Baserrietan zahagi dantza egingo dute, eta trukean, dirua, elikagaiak edo oilaskoak jasoko dituzte gazteek. Urtero ibilbide bera egiten dute oinez, mendi bidexketan barrena. 14:30erako itzuliko dira oilasko biltzaileak auzora eta dantza egingo dute bertan. Bazkalostean, auzoko etxeetan ibiliko dira eskean. Festak ez dira, baina, larunbatean bukatuko; izan ere, igandean Umeen Eguna izango da. Astelehenean, berriz, Helduen Eguna ospatuko dute, eta ekitaldi ugariz gain, Hippie Gaua egingo dute egun horretan. Horregatik, herritarrei kalera mozorrotuta ateratzeko deia egin diete antolatzaileek. Abuztuaren 15ean bukatuko dira festak, Amabirjin egunarekin. EGITARAUA
  • ABUZTUAK 12, LARUNBATA
07:30. Oilasko biltzaileen irteera. 12:00. Txupinazoa. 12:30. Paella lehiaketaren prestaketa. 14:30. Oilasko biltzaileek dantza egingo dute. 15:00. Paellada. Arratsaldean, oilasko biltzaileak kalez kale ibiliko dira 22:30. Eromeri taldearekin dantzaldia. 00:30. LGHBT taldearen erromeria. Ondoren. DJ Kanutto.
  • ABUZTUAK 13, IGANDEA
11:00. Txupinazo koloretsua, buruhandiekin. Jarraian, altxorraren bila eta ur jolasak. 11:30. Jubilatuen hamaiketakoa. 13:30. Umeen bazkaria. 15:30. Ekain Txouren emanaldia. 17:00. Ginkana. Ondoren, txokolatada. 22:30. Erromeria Elizagoien ahizpekin.
  • ABUZTUAK 14, ASTELEHENA
12:00. Aspaldiko jolasak. 18:00. Pilota partidak. 21:00. Herri afaria. 23:00. Tximeleta taldearen kontzertua.
  • ABUZTUAK 15, ASTEARTEA
11:00. Meza nagusia. 11:00-13:00. Puzgarriak. 15:00-17:00. Puzgarriak 17:00. Apar festa. 18:00. Herri kirolen erakustaldia. 22:00. Gozo-gozo taldearen emanaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide