Zestoako Udal Gobernuak argiteriaz eta kiroldegiaz hartutako erabakiak "oso larriak" direla uste du EH Bilduk

Zestoako Hitza 2017ko uztailaren 29a

EH Bilduren arabera, pribatizazio neurriak "kaltegarriak" dira eta hainbat arrisku dituzte. Erabakia udalarentzat ekonomikoki "sarraskia" dela uste dute koalizioko kideek. Bestalde, EH Bilduk dio argiteriaren pribatizazioarekin egindako moduan, kiroldegiaren lanekin udalak egin duen kudeaketa "oso txarra" izan dela.

Margari Eizagirre, Mikel Arregi eta Iñaki Uranga EH Bilduko zinegotziak. (Julene Frantzesena) Joan zen asteazkenean Zestoako Udalak egindako udalbatzarrean hartutako erabakiekin duten desadostasuna agertzeko eta azalpenak emateko prentsaurrekoa eskaini du Zestoako EH Bilduk gaur eguerdian. Izan ere, joan den asteazkeneko udalbatzarrean erabaki zuen EAJren Udal Gobernuak argiteria publikoa pribatizatzea, eta udal aretora bertaratutako herritarrek, udaleko langileek nahiz EH Bilduk erabaki horren aurrean desadostasuna agertu zuten. Gainera, udaleko langileek mozioa aurkeztu zuten, beren desadostasuna agertzeko. Hain zuzen ere, Zestoako Udaleko oposizioan dago EH Bildu, eta joan zen asteazkenean Udal Gobernuak hartutako erabakiak "oso larriak" direla azaldu du Mikel Arregi koalizioaren udal bozeramaileak, Margarita Izagirre eta Iñaki Uranga zinegotziak lagun zituztela gaur eskaini duen agerraldian. Hark esan du argiteria sistema berritu beharra ikusten badute ere ez daudela ados pribatizazioarekin. "Beste hainbat herritan ari dira berritzen, eta ez dute zerbitzua pribatizatu. Azpeitian, adibidez, sistema guztia aldatzen ari dira eta udal langileek egin dituzte lanak". EH Bilduren bozeramailearen arabera, pribatizazio neurriak "kaltegarriak" dira ikuspuntu publikotik, eta hainbat arrisku dituela ohartarazi du: "Orain arte udal langileek egin duten lana enpresa pribatu bati emango zaio; botere galera ere badakar, udalak zerbitzu bat kudeatzeko boterea galdetzen duelako eta enpresa pribatu batek hartzen duelako; eta prezioa ere aipatzekoa da, udalak hamar urterako kontratu bat egingo dutelako enpresa pribatu batekin eta hark jarriko diolako aurrerantzean argiteria publikoaren mantenuari eta-eta prezioa". Zestoako EH Bilduk dio ez duela pribatizazioa onartzen. "Zerbitzu publikoen kudeaketa publikoaren alde gaude, eta konbentzituta gaude kudeaketa ona egiten badu zerbitzu hobea eskain daitekeela". Gainera, azaldu du argiteriaren lanak egingo dituzten enpresa pribatuaren aukeraketa prozesurako oinarriak ere enpresa pribatu batek egin dituela. "Oinarriak, normalean, udaletxeko teknikariek egiten dituzte, eta kezka izan dugu hasieratik enpresa pribatu bati eman diolako Udal Gobernuak horiek idazteko agindua. 11.000 euro ordaindu dute oinarri horiek idaztea, eta gaztelaniaz egin zituztenez, beste 3.000 horiek euskaratzea. Gainera, enpresa pribatu batek egindako oinarriak, argi eta garbi, enpresa pribatu baten neurrira eginak dira". Horrez gain, oinarri horien barruko auditorian datu asko ez direla agertzen salatu du EH Bilduren bozeramaileak. "Ez da agertzen 2016an udalak zenbat ordaindu zion Iberdrolari argiteria publikoagatik, eta hori oso susmagarria da". Arregik esan du udalak halako erabaki bat hartzerako udal teknikariekin-eta txosten bat egin beharko lukeela, udalak lanak bere gain hartuta edo enpresa pribatu bati emanda izan daitezkeen aldeak ikusteko. "Hori ere ez da egin, eta alkatea ez da kapaz 2016an udalak Iberdrolari zenbat ordaindu dion esateko. Guk egin duguna da Udal Gobernuak egin ez duena. Datuak hartu ditugu, eta azterketa eginda, ondorio nabarmen batera iritsi gara: Udalak enpresa pribatuari hamar urtean 1.350.000 euro emango dizkio. Urtean, 135.000 euroko kuota izango du. Eta, gaur egun, 110.000 bat euro ordaintzen dizkio udalak Iberdrolari. LED sistema jarrita ere, eta aldaketak egiteko gastatu beharrekoa kontuan hartuta ere, udalak asko aurrez dezake argiteria pribatizatuko ez balu". Horregatik, erabakia udalarentzat ekonomikoki "sarraskia" dela uste dute koalizioko kideek. Arregik uste du udalaren eta herritarren interesen gainetik, "beste interes ilun" batzuk jarri dituela Udal Gobernuak: "Eskuen artean ditugun datuen hori baieztatzen digute. Horrelako abentura batean sartzeko inongo beharrik ez zegoen, Zestoako brigadak baduelako herriko argiteria sistema berritzeko ahalmena eta udalak inbertsioetarako altxortegia ere bai". Gainera, EH Bilduk uste du hamar urterako kontratu horrek herriko beste hainbat hutsune edo gabeziari erantzuteko zailtasunak eragingo dituela datozen urteetan. Arregik esan du agintaldiaren erdia pasatu dela dagoeneko, eta demokraziaren ikuspegitik erabaki hau orain hartzea ez duela begi onez ikusten. "Hamar urterako erabaki hau hartzeak esan nahi du datozen bi agintaldietan ere hipotekatuta egongo dela udala. Beraz, gu ados ez egonda erabakiren bat hartu behar baduzue, mesedez, har ezazue 2019a bitarterako. Gehiengo sinple horrekin erabaki hori hartzea, jakinda ia berdinketa teknikoa izan zela hauteskundeen emaitza...". Horregatik, Arregik esan du EAJren Udal Gobernuak adostasunik gabe ez duela "inongo zilegitasunik" horrelako erabaki bat hartzeko. "Udalak ez du kontuan hartu udal langileek eta teknikariek idatzitako mozioa, eta gutxiago gure iritzia. Horregatik uste dugu udala ez dagoela horrelako erabaki bat hartzeko baldintzetan". Pribatizazioen kasuan aurrekari bat badela Zestoan azaldu du Arregik; hain zuzen ere, duela agintaldi batzuk EAJ Udal Gobenuan izan zenean kale garbiketa zerbitzua pribatizatu zuelako: "Hamar urte pasatu ziren, eta berriz ere udal langileak hasi ziren kaleak garbitzen. Kontua da udalak oraindik orduko lastreak dituela. Izan ere, hamar urteren ostean udalak kontratua eten zion Serbitzu enpresari, eta enpresa horrek helegiteak jarri zituen. Beraz, udalak oraindik pendiente ditu hainbat kontu juridiko". Kiroldegiko lanak Kiroldegia berritzeko lanen aurrekontuak ere eztabaida eragin zuen asteazkeneko udalbatzarrean. Izan ere, Udal Gobernuak erabaki zuen lan horiek egiteko aurrekontua handitzea, 1.200.000 eurotik 1.600.000 eurora. EH Bilduk aurka bozkatu zuen, udalbatzarra baino bi ordu lehenago esan zietelako 400.000 euro igoko zela aurrekontua. Koalizioko kideek azaldu dutenez, "beharrezkoa" da kiroldegia berritzea eta obra "duina" egitearen alde daude, baina ez dute ikusten hainbeste diru gastatu behar denik. "Uste dugu azterketa bat egin behar dela kiroldegiak zer nolakoa izan behar duen jakiteko eta herritarrek zer behar dituzten ezagutzeko. Baina halako lanik ez da egin, eta kritikotasunez bada ere, 1.200.000 euroko aurrekontua onartzeko prest geunden". EH Bilduk esan du, Zestoan beste hutsune batzuk ere badirela, hala nola antzerki areto duinik ez dutela, eta kezkaz onartzekoak zirela kiroldegia berritzeko aurrekontua. "Azken unean, baina, udalbatzarra baino bi ordu lehenago, jakinarazi ziguten obren aurrekontua, bat-batean, 400.000 euro igo zela. Alarma guztiak piztu zitzaizkigun, ez zitzaigun batere serioa iruditu egin zutena, eta ezinbestean, ezezko botoa eman genion aurrekontuari", azaldu du. Arregik esan du kiroldegiaren lanekin udalak egin duen kudeaketa ere "oso txarra" izan dela: "Garbi ikusten dugu Zestoako Udalak kirol ekipamenduetan 1.600.000 euro gastatzea gehiegizkoa dela, eta horrek ere etorkizunean beste hainbat obra egitea hipotekatzen duela".    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide