Astelehenaz geroztik dago Espainiako bandera Zestoako udaletxean. (Danbolin)
Zestoako udaletxeko balkoian Espainiako bandera jarri zuten astelehenean, legeak hala behartuta. Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak jakinarazi duenez, joan zen astean EAEko Auzitegi Nagusiak Espainiako Banderen Legea betetzeko agindu zion udalari, eta hamar eguneko epea eman zion Espainiako Bandera udaletxean jartzeko.
Aurreko agintaldian iritsi zen EAEko Auzitegi Nagusiaren lehenengo agindua, baina errekurritu egin zuen orduko Udal Gobernuak. Auzitegi Nagusiak, ordea, atzera bota zuen helegitea, eta legea betetzeko ordena da orain jaso dutena. Alkatearen hitzetan, agindua "irmoa" da, eta udalak "bide judiziala agortuta" du. "Ez da gure gustokoa, baina bagenekien egun batean guri ere suertatuko zitzaigula Espainiako bandera jartzea". "Polemika handirik sortu gabe", agindua bete egin beharko dutela azpimarratu du; izan ere, legea bete ezean, "ondorioak okerragoak" izango liratekela adierazi du. Espainiako Banderen Legean oinarrituta, Espainiako bandera ez jarriz gero, isun ekonomikoa eta alkatearen inhabilitazioa eskatzen ditu auzitegiko epaileak.
Zestoako banderaren zain
Espainiako bandera jarrita, guztira lau bandera egongo dira Zestoako udaletxean: Zestoakoa, ikurrina, Espainiakoa eta Europakoa. Dena den, oraingoz ez dute Zestoakorik. Mendizabalek esan duenez, Zestoako bandera egiten ari zaizkie, eta laster jartzea aurreikusten dute.