Amabirjinetako txupinazoa botatzeko proposamenak aurkez daitezke Zestoako Udalean

Zestoako Hitza 2017ko uztailaren 7a

Norbanakoak nahiz taldeak proposatu ditzakete herritarrek uztailaren 19a bitartean. Udaletxeko sarrerako postontzian edo udal bulegoetan utz daitezke proposamenak.

Zestoako Udalak Amabirjin jaietako txupinazoa botatzeko proposamenak jasotzeko epea zabaldu du. Hain zuzen ere, herritarrek proposa ditzakete jaiei hasiera emango dien suziria botatzeko pertsonak edo taldeak. Honako oinarri hauek kaleratu ditu udalak:
  • Txupinazoa botatzeko, gizabanakoak proposatuko dira, edo pertsona bat baino gehiago edo talde bat balitz, pertsona horiek nolabaiteko lotura eduki beharko dute elkarren artean (lanbide berekoak izatea, elkarte bateko partaide izatea, zaletasun berdina…).
  • Proposatzen den pertsonak edo taldeak lotura zuzena izan behar du Zestoarekin.
  • Proposamenek bi atal izango dituzte: 1) Txupinazoa botako duen pertsona edo taldearen izena; 2) Arrazoia, labur-labur azalduta.
  • Proposamenak anonimoak izango dira eta udaletxe sarrerako postontzian edo udal bulegoetan utziko dira.
  • Proposamenak jasotzeko epea uztailaren 19a arte izango da.
  • Behin proposamenak aurkezteko epea amaituta, Zestoako Udaleko Kultura Batzordeak azterketa egingo du eta teknikoki egokiak ez diren proposamenak baztertu egingo ditu (akatsak dituelako, irizpideak betetzen ez dituelako, txupinazoa aurreko urte batean bota izan duelako…). Bestalde, proposamen integratzaileei, errespetuan oinarritutakoei eta ahalik eta adostasun eta atxikimendu gehien sor dezaketenei lehentasuna emango zaie.
  • Proposamenen behin betiko zerrenda Zestoa.eus webgunean jarriko da jendeak boza eman dezan.
  • Oinarri hauetan jasotzen ez den edozein gorabeheratan, epaimahaiak izango du erabaki ahalmena. Deialdi honetan parte hartzeak berarekin dakar oinarri eta baldintza hauek guztiak onartzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide