Zestoara bizitzera etortzen direnei integrazioa errazteko proiektua lantzen hasi dira

Zestoako Hitza 2017ko ekainaren 19a

Joan den ostegunean egin zuten proiektua lantzeko lehen bilera, Zestoako udaletxean. (Danbolin.eus) Zestoara iritsi berri direnentzat harrera protokoloa martxan jartzeko helburuarekin, hainbat herritar elkartu zen ostegun arratsaldean Zestoako udaletxean. Zestoara etortzen direnekin "harreratik elkar ezagutzarako lehen pausoak ematea eta elkarbizitza hobetzea" dira helburuak. Proiektua udaleko gizarte zerbitzuek landuko dute, baina herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango da. Protokoloa honako printzipio hauetan oinarrituko da: zeharlerrotasuna, osotasuna, euskara eta euskal kultura, kultur aniztasuna, aukera berdintasuna, parte hartzea eta espazioak artikulatzea. Protokolo horren bidez, harrera ez dute soilik maila instituzionalean edo administratiboan egin nahi. Prozesu integral bat izatea nahi dute sustatzaileek, eta horretan herritarrek edo herriko elkarteek "zer esan handia" dute. Etorri berriak udalean erroldatzen direnean gida bat emango diete udaleko zerbitzu eta informazio baliagarriarekin eta ongi etorri bilera batera gonbidatuko dituzte. Proiektuaren helburua Zestoara etortzen direnei "bidelagunak" aurkitzea ere bada. Bidelagun horiek oso baliagarriak izango lirateke herriko espazioak erakusteko, hizkuntza irakasteko, tramiteren bat egiterakoan laguntzeko… Uztailean egingo den bigarren saioan, gidaren eta ongi etorri saioen edukiak zehaztuko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide