Atzo jokatu zuten txapelketaren aurreneko partida, eta ekainaren 9an bukatuko da lehen fasea. Finala ekainaren 30ean jokatzea aurreikusten dute antolatzaileek.
Atzo arratsaldean hasi zen Txokoko Txapelketaren aurtengo edizioa. Hain zuzen ere, Zestoako Gurutzeaga pilotalekuko azken koadroan, txokoan, jokatzen den txapelketa bereziko lehen norgehiagokan Pablo Blancok eta Julen Sanchezek Julen Aldalurren eta Aitor Salegi Xalegiren aurka neurtu zituzten indarrak. 19:00etan hasi zen partida, eta eta Aldalur eta Xalegi nagusitu ziren 30 eta 10.
Iazko gisan, hamasei bikote ari dira lehian parte hartzen; denak gizonak. Atzo hasi eta ekainaren 9ra bitartean txapelketaren lehen fasea jokatuko dute. Bi asteotan astelehenetik larunbatera jokatuko dituzte partidak, ordu desberdinetan.
Lehen txanda horretarako lau bikoteko lau talde osatu dituzte, eta talde horietako bakoitzetik bina pasatuko dira bigarren fasera. Fase horretan lau bikoteko bi talde egingo dituzte, eta orduan erabakiko da zeintzuk izango diren finalerdietan, eta, ondoren, finalean. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, finalaurrekoak ekainaren 27an, asteartez, eta finala, ekainaren 30ean, ostiralez, jokatzea aurreikusten dute.
Imanol Ugarte txapelketaren sustatzaileetakoak azaldu duenez, Txokoko Txapelketa "oso polita" da beraientzat. "Giro polita sortzen da hilabete osoan txapelketaren bueltan". Parte-hartzearekin ere gustura agertu da zestoarra: "32 lagun bada zerbait herriko txapelketa izateko. Oso gustura gaude parte hartzearekin. Horrez gain, pilotazaleen topagune ere izaten da txapelketa, eta jende ugari izaten da pilotalekuan partidak diren egunetan". Ugartek nabarmendu du Txokokoa, lehiaz haratago, "lagun arteko" txapelketa dela.
Iazko txapelketa Joseba Eizagirre Jantxik eta Igor Eizagirre Kixkurrak irabazi zuten. Urtzi Zelaia eta Aitor Salegi izan zituzten aurrez aurre, eta 30 eta 25 nagusitu ziren eizagirretarrak.
Bikoteak:
- Pablo Blanco eta Julen Sanchez.
- Julen Aldalur eta Aitor Salegi Xalegi.
- Julen Valor eta Ioritz Araneta.
- Andoni Perez eta Jokin Igarataundi.
- Joritz Zunzunegi eta Mikel Armendariz.
- Josu Etxabe eta David Etxabe.
- Ander Etxeberria eta Hector Larrañaga.
- Manex eta Julen Odriozola Txapei.
- Adonis Gelis eta Aitzol Astiazaran.
- Urtzi Zelaia eta Xabier Ostolaza.
- Lander Arrazola eta Berdaitz Landa.
- Joseba Bereziartua Muno eta Lain Azagirre.
- Iñigo Uria Arrita eta Alex Altolagirre Xela.
- Joseba Eizagirre Jantxi eta Igor Eizagirre Kixkurra.
- Sathya Paz eta Iñaki Arakistain.