Kalean euskaraz hitz egiten dute hamarretik ia zortzi zestoarrek

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko mai. 11a, 10:10

Soziolinguistika Klusterrak euskararen kale erabilera neurtu du. Zestoarren %77,5ek hitz egiten dute euskaraz. Umeek erabiltzen dute euskara gehien; nagusiek, gutxien.

Haurrek erabiltzen dute gehien euskara Zestoan. (Ihintza Elustondo) Hamar zestoarretatik ia zortzik hitz egiten du kalean euskaraz, hau da, zestoarren %77,5ek. Gaztelaniaz, berriz, herritarren %21,3k hitz egiten du kalean, eta %1,2k beste hizkuntza batean. Halaber, gizonek emakumeek baino gehiago erabiltzen dute euskara; hain zuzen ere, %79,2 dira euskaraz hitz egiten duten gizonak, eta %75,8 emakumeak. Dena den, datu orokorrak kontuan hartuta, 2011n egin zen azken neurketatik jaitsi egin da euskararen erabilera Zestoan. Horiek dira Soziolinguistika Klusterrak egin duen Zestoako hizkuntza erabileraren kale neurketaren emaitzetako batzuk. Klusterrak 129 udalerritan egin zituen neurketak 2016an; tartean, Azpeitian eta Zarautzen. Azpeitiko datuekin alderatuz gero –%81,9k hitz egiten du euskaraz kalean–, zertxobait baxuagoa da Zestoako euskararen kale erabilera datua. Eta, Zarauzko datuarekin alderatuta –%50,5 hitz egiten du euskaraz kalean–, berriz, askoz ere altuagoa. Zestoako neurketa herrigunean eta Arroabean egin zuten klusterreko teknikariek iazko irailean eta urrian. Hain zuzen ere, neurketa egiteko 1.446 elkarrizketako eta 4.896 hiztuneko lagina hartu dute kontuan. Hainbat tokitan egin zituzten neurketak, hala nola Laranjadi, Arrazola eta Uztapide plazetan; Portale, Gesalaga eta Gurutzeaga kaleetan; eta Arroabeko frontoian, eskolan eta Kultur Etxean. Aipatzekoa da herriguneko eta Arroabeko datuen arteko aldea; izan ere, herriguneko zestoarren %76,6k hitz egiten du euskaraz kalean, eta Arroabeko bizilagunen %83,5ek. Horrenbestez, gaztelaniaren erabilera datua Arroabean –%16,5– baino altuagoa da herrigunean –%22–. Umeek, gehien Lau adin taldetan egin zituzten neurketak: haurrak (2 eta 14 urte bitartekoak), gazteak (15-24), helduak (25-64) eta adinekoak (65 urtetik gorakoak). Horien erabilera datuen artean badira aldeak; izan ere, haurrak dira euskara gehien erabiltzen dutenak –%91,6–, eta nagusiak hizkuntza horretan gutxien mintzatzen direnak –%54,1–. Gainera, gazteen %88,8k hitz egiten du euskaraz kalean, eta helduen %72,3k. Haurrek eta nagusiek, elkarrekin daudenean, kasuen %85,1ean, euskaraz hitz egiten dute. Dena den, datua aldatu egiten da haurrak pertsona nagusirik gabe daudenean. Kasu horietan, beren artean haurren %94,5ek euskaraz hitz egiten dute. Eta alderantzizko kasuetan, nagusiak haurrik gabe daudenean, euskararen erabilera datua %65,9 da. Erabilerak behera egin du Klusterrak hainbat neurketa egin ditu azken urteetan Zestoan. Aurrena, 2004an egin zuen, eta orduko emaitzen arabera, herritarren %71,3k hitz egiten zuen euskaraz kalean. 2006ko neurketan igoera nabarmena izan zuen euskararen erabilerak; izan ere, zestoarren %79k hitz egiten zuten orduan euskaraz kalean. Goranzko joera mantendu egin zen handik bost urtera, 2011n egindako neurketan %80,5ekoa baitzen euskararen kale erabilera datua. Eta 2016ko neurketan jaitsiera nabari daiteke. Izan ere, hiru puntu jaitsi da euskararen erabilera azken bost urteotan. Hala eta guztiz, lehen neurketa hartatik joan den urtean egindakora, ia sei puntu hazi da euskararen kale erabilera Zestoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide