EH Bilduren abstentzioarekin onartu dituzte 2017ko udal aurrekontuak

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko mai. 10a, 10:11

2017ko udal aurrekontua bost milioi euro pasatxokoa da. Kiroldegia berritzen hasiko dira. EH Bildu abstenitu egin da, planteamendu orokorrarekin "ados" dagoelako.

Zestoako kiroldegia berrituko dute. (ihintza Elustondo) Joan den apirilaren 6an onartu zituen Zestoako Udal Gobernuak aurtengo aurrekontuak. EAJko sei zinegotziren aldeko bozekin onartu zituzten, eta EH Bilduko bost ordezkariak abstenitu egin ziren. Koalizioaren udal bozeramaile Mikel Arregik azaldu duenez, diru banaketa egiterakoan "aldaketa" batzuk egitea "komenigarria" dela uste badute ere, planteamendu nagusiarekin "ados" daude. Guztira, 5.107.397,87 eurokoa da 2017ko udal aurrekontu orokorra, iaz baino pixka bat handiagoa. Honako hauek dira aurtengo aurrekontuetan jaso dituzten inbertsioetako batzuk: Idiazpi eta Zubimusu arteko igogailua egiteko, 256.000 euro; kiroldegia berritzeko lanetarako, 130.000 euro; auzoetako bideak konpontzeko, 80.000 euro; eta Arroabeko eskola berriaren urbanizaziorako, 60.000 euro.  Horiez gain, zezen plazako harmaila berriak 56.000 euro ordaindu dituzte. Idiazpi eta Zubimusu auzuneen artean igogailua egingo dute aurten. Josetxo Mendizabal Zestoako alkatearen arabera, igogailua eraikitzeko lanak urtearen azken hiruhilekoan hastea aurreikusten dute. Gainera, kiroldegia berrituko dute. "1979an egindakoa da kiroldegia, eta guztiz berrituko dugu. Solairu bat gehituko diogu eraikinari, eta barrutik ere berrituko dugu. Izan ere, orain arte petatxuak egin dira", azaldu du. EH Bilduk "beharrezkotzat" jo ditu igogailuaren eta kiroldegiaren proiektuak, baina inbertsio horiek egiteko aldundira laguntza eske jotzeko beharra nabarmendu du koalizioak, "udal altxortegian sarraski handiegia egiteko arriskua dagoelako". Hainbat diru laguntza ere banatuko ditu udalak aurten, hala nola kirol taldeei  nahiz gizarte elkarteei zuzendutakoak eta alokairura bideratutakoak. Kanpo inbertsioek "kezka" EH Bildu kanpo eragileei zuzendutako diru laguntzek kezkatzen dute, eta horregatik egin zuten koalizioko zinegotziek abstentzioaren aldeko hautua. "Udal Gobernu honek kudeaketan dituen hutsune eta gabezia nabarmenak ikusita, kanpoko eragileei –Iraurgi Berritzen, aholkularitza talde pribatuak...– bideratutako 105 mila euroko diru kopuruari behar bezalako etekinik ateratzeko gaitasun politikorik ez bada, aipatutako eragileek egindako lana tiraderan ustelduko da", azaldu du udal taldeak. Horrez gain, EH Bilduk aurrekontuen jarraipen eta exekuzio zehatza egitearen garrantzia azpimarratu du, oraindik ez delako hartu "jarraipenerako eta kontrolerako neurririk". Bestalde, apirileko udalbatzarrean hartu zuen EAJko zinegotzi kargua Tomas Odriozolak. Haren kargu hartzearekin, EAJren udal taldeak dagokion zinegotzi kopurua berreskuratu du.

Zestoako udal aurrekontuak

Inbertsio nagusiak
  • Arroabeko eskolaren urbanizazio lanak. 60.000 euro.
  • Arau subsidiarioa. 80.000 euro.
  • Igogailuaren lanak. 256.000 euro.
  • Kiroldegia berritzeko lanak. 130.000 euro.
  • Zezen plazako harmailak. 56.000 euro.
  • Auzo bideen konpoketak. 85.000 euro.
Beste batzuk
  • Kultur Etxeko ekintzak. 35.000 euro.
  • Gazteriako  ekintzak. 14.000 euro.
  • Alokairurako diru laguntzak. 30.000 euro.
  • Euskara sailerako partida (Euskaltegia barne). 37.800 euro.
  • Turismo sailerako diru partida. 25.000 euro.
  • Gizarte elkarteentzat eta Solidaritate funts internazionalarentzat diru laguntzak. 30.000 euro.
  • Kultur arloko laguntzak. 45.000 euro.
  • Kirol taldeei bideratutako diru laguntzak. 15.000 euro.
  • Udalaren kanpo gastuak. 105.000 euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide