Txupinazoa botata hasi dira Santa Kutzak Zestoan. (Julene Frantzesena)
Arratsaldeko zazpietan bota dute bi eguneko Santa Kutz festei hasiera eman dien txupinazoa. Udaletxeko balkoitik hainbat suziri bota dituzte Josetxo Mendizabal alkateak eta EAJren udal taldeko hainbat zinegotzik. Plazan ez zen jende askorik, baina bertaratu direnek txalo artean hasi dituzte festak. Ordurako, Erdikalean prest ziren Zestoako Musika Banda eta Idikaitz txistulari taldea, eta kalejira egin dute kalerik kale. Ondoren, batu dira jaira Azpeitiko Udal Musika Bandako kideak, eta haiek ere kalejira egin dute.
Txupinazoaren aurretik hasi dira, ordea, festetako ekitaldiak. Hain zuzen ere, Santa Kutz Pilota Txapelketako finalak jokatu dituzte gaztetxoek Gurutzeaga pilotalekuan, eta haurrek Ekain guraso elkarteak antolatutako ginkanaz gozatu ahal izan dute.
Gauean jarraituko du festak; izan ere, 22:30ean hasiko da helduen danborrada. Banderaren igoera gauerdian egingo dute, eta hainbat abesti joko dituzte danbor-jotzaileek Foruen plazan. 01:00etan, berriz, Ustekabe txaranga ariko da giroa alaitzen.
Bihar, Santa Kutz egunez, jarraituko dute festek. 10:30ean Idikaitz txistulari taldekoen diana izango da. 12:00etan, berriz, Meza Nagusia, eta Parrokiako abesbatzako kideek kantatuko dute bertan. Festetako azken egitasmoa, haurren danborrada, 18:00etan hasiko da. Aurten, haurrek danborradako jantziak eskolan jantziko dituztenez, Arozena hotela zenaren aurretik abiatuo da danborrada. Karroza, berriz, Zubimusu kaletik irtengo da, eta Gesala kalean elkartuko da danbor taldeekin. Haurrek ere Foruen plazan bukatuko dute aurtengo danborrada.
Hona hemen, festen hasierako argazki bilduma:
[flickr_set id="72157680202900043"]