Zestoako turismoak "presentzia propioa izateko" lanean hasi dira

Nerea Uranga 2017ko martxoaren 8a

Herriko merkatariekin eta ostalariekin egon ondoren lehentasunak ezarri dituzte. Aste Santua aurretik, Turismoko eta Merkataritzako Mahaia osatu nahi dute

Udaleko eta Siadecoko ordezkariak ostegunean, udaletxean. (Nerea Uranga) Azkenaurrekoz joan den irailean bildu ziren Zestoako merkataritzako, ostalaritzako eta turismoko eragileak, udaleko ordezkariak eta Siadeco ikerketa elkarteko kideak. Orduan bildutako asmoekin, nahiekin eta proposamenekin Zestoako turismoa sustatzeko lehentasunak zehaztu dituzte. Joan den ostegunean eman zuten horien berri udaleko, Siadecoko eta Araziko ordezkariek udaletxeko batzar aretoan merkatariekin eta ostalariekin egindako bileran. Zehaztu dituzten lehentasunak honako hauek dira: eragileen mahaia sortzea; euskarriak eta gidak ateratzea; Informazio Turistikorako Bulegoaren zerbitzua zabaltzea; Zestoaren eskaintza propioa lantzea; eta azpiegiturak hobetzea. Dena den, egiteko batzuk beste batzuk baino garatuago daudela azaldu zuten. "Zestoako turismoak presentzia propioa edukitzeko" helburuarekin ari dira lanean, Josetxo Mendizabal Zestoako alkatearen arabera. Horretarako, euskarri eta gida propioak argitaratu dituzte, eta horiek ere aurkeztu zituzten ostegunean. Turismoko, Ostalaritzako eta Merkataritzako Mahaia osatzea da lehentasunetako bat, eta hori osatzeko lehen deialdia Aste Santua aurretik egin nahi dute, ahalik eta azkarren martxan jartzeko. Mahai horretan merkatariekin, ostalariekin eta udal ordezkariekin batera herriko beste taldeetako eta eragileetako kideek ere parte hartzea «aberasgarria» dela nabarmendu zuten. LEHENTASUNAK
  • MAHAIA OSATZEA
Turismoko, Merkataritzako eta Ostalaritzako Mahaia osatzea. Arlo horietako Zestoako eragileekin batera, herriko taldeetako eta udaleko ordezkariek bertan parte hartzea da helburua. «Zestoan turismoak, ostalaritzak eta merkataritzak elkarren eskutik joan beharko dute. Sinergiak bilatu beharko dira, azpisektore guztiak mugitu, herrigunean eragin gehiago izateko», azaldu zuen Siadecoko ordezkariak. Lehen bilera Aste Santua aurretik. Mahai hori osatzeko eta elkartzeko lehen bileraren deialdia Aste Santua aurretik egingo dutela adierazi zuen Josetxo Mendizabal alkateak. Bi hilean behin. "Printzipioz, bi hilean behin" bilduko lirateke mahaikideak.
  • EUSKARRIAK ETA GIDAK
Zestoaren eskaintzaren berri ematen duten euskarriak eta gidak argitaratzea izan da beste lehentasunetako bat. Dagoeneko, lau argitaratu dituzte, eta bosgarrenarekin ari dira lanean. Aste Santua aurretik horiek zabaltzea eta banatzea aurreikusten dute. Ateratako laurak honako hauek dira: Zestoa kanpoan erakusteko eskuorria; Zestoara datorrena informatzeko aldizkaria; poltsikorako Zestoako plano bat; eta Zestoa inguruko ibilaldien berri ematen duen gida. Bosgarrengoan, egiten ari direnean, herriko saltokien, tabernen eta jatetxeen inguruko informazioa bilduko dute. Webgunea. Webgune bat ere prestatzen ari dira: www.zestoaturismo.net. Oraindik bukatu gabe dago, baina nahikoa aurreratuta dutela adierazi zuen Juanjo Aranburu Araziko kideak. "Paperean atera ditugun argitalpenetan jasotako informazioa bildu dugu atari digitalean, baina modu zabalagoan". Komertzio gida. Argitaratu gabe dagoen, baina lantzen ari diren bosgarren gida da hau: Zestoan aurki daitezkeen produktuetan oinarritutako gida komertziala da. Zestoako merkatari elkarteak bultzatutakoa da, eta gida egiteko saltoki guztietako ordezkariekin jarriko dira harremanetan. Zestoan uste baino gehiago izango da gidaren izenburua. Zestoako herrigunean 30 saltokitik gora daudela azpimarratu zuten osteguneko bileran.
  • INFORMAZIO PUNTUA INDARTU
Zestoako Informazio Turistikorako Bulegoa Itourbask sarean sartuko da. Sarea Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 51 bulegok osatzen dute gaur egun, eta Zestoakoa 52.a izango da. Bulego horren funtzioa «eragitea» ere badela azaldu zuen Aranburuk, eta hemendik aurrera zerbitzu zabalagoa eskainiko dutela bertatik. Ordutegia ere zabalagoa izango du: Aste Santuan, Pazko Astean, uztailean eta abuztuan egunero zabalduko dute, eta gainontzean astelehenetan bakarrik itxiko dute. Zestoako turismoko webgunea ere bertatik kudeatuko dute.
  • ESKAINTZA PROPIOA LANDU ETA SUSTATU
Zestoako turismo eskaintza propioa lantzea eta eskaintzea da beste lehentasunetako bat, Zestoak eskain dezakeenaren berri emateko. «Kasu honetan, ekintzaile edo aktore pribatuen elkarlana inportantea da. Gero, horren zabalpenerako Informazio Turistikorako Bulegotik egin beharko da lana», nabarmendu zuen Juanjo Allur Siadecoko kideak. Herrian mugimendua izatea. Herrian bertan edozein ekitaldi antolatzeak eta hori sustatzeak herriari mugimendua ematen diola azaldu zuten. Ostatu eskaintza. Zestoaren kokalekua estrategikoa dela azpimarratu zuten, eta ostatu eskaintza handia eta dibertsifikatua izatea garrantzitsua dela.
  • AZPIEGITURAK
Azpiegitura aldetik dauden lehentasunen berri ere eman zuten Siadecoko eta udaleko ordezkariek. Seinalizazioa. Seinaleak jartzea aurreikusten dute, bai herri barruan, baita herritik kanpo ere, errepideetan esaterako. «Horretan ari gara», esan zuen alkateak. Oinezkoen irisgarritasuna herrigunera. Idiazpi auzotik herrigunera igogailua eraikiko dutela jakinarazi zuen Zestoako alkateak: "Udako oporren ondoren espero dugu igogailua egiteko lanekin hastea. Hango auzotarrei eta kanpotik datozen bisitariei oinez irisgarritasuna bermatzeko". Igogailuaren proiektua maiatza alderako bukatuko dutela adierazi zuen alkateak, eta, gero, lehiaketara aterako dute obra. Bidegorri sarea osatzea. Azpeitia eta Zumaia alderako bidegorriak osatzeko eskatzen ari direla nabarmendu zuen Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak. Iraetako tunelaren inguruko lanketa bat egiten ari direla ere azaldu zuen. Horrez gain, esan zuen Arroabea eta Narrondo arteko bidegorriaren proiektua eginda dagoela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide