Aizarnako eta Arroabeko ikastetxeetako kideak eta udal ordezkariak. (Danbolin.eus)
Eskolako Agenda 21 programaren barruan, Aizarnako eta Arroabeko ikastetxeetako ikasleak Jose Mendizabal Zestoako alkatearekin eta Izaskun Larrañaga Ingurumen teknikariarekin elkartu ziten joan den ostegunean. Aurreko urtean egindako proposamenei jarraipena emateko elkartu ziren. Eneko Salaberria programaren koordinatzaileak azaldu duenez, bilkura horietan udalaren funtzionamendua ikusi ahal izaten dute ikasleek. Eta, horrez gain, beren proposamenak zertan diren azaldu zieten udal ordezkariek. Hark azaldu duenez, besteak beste, jolas parkeak, garraio publikoaren beharra, bidegorria... daude ikasleek iaz egindako proposamenen artean.
Urola Kostako 14 ikastetxek parte hartzen dute ekimenean. "Urtero garapen iraunkorrarekin lotutako gaiak jorratzen dira Eskolako Agenda 21 programan, eta aurtengo gaiak dira ekitatea eta klima aldaketa". Salaberriak dioenez, ikastetxe horietako guztietako haurrak herriko diagnostikoa egiten ari dira asteotan, eta ondoren udalari proposamenak egingo dizkiete. Ikasturte honetako programari bukaera emateko, maiatzean, haurrak eta udal ordezkariak udaletxean elkartuko dira. Ikasleek proposamen zehatzak egingo dizkiete udalari.
Argazki bilduma ikusgai da
Danbolin.eus webgunean.