Dortsal guztiak salduta dator Kobaz Koba Trail probaren bigarren edizioa

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko ots. 8a, 10:01

Igandean jokatuko da Kobaz Koba Trail. Proba luzea 09:00etan hasiko da, eta, laburra, 09:30ean. Ibilbideetan-eta hainbat aldaketa egin dituzte probaren antolatzaileek

Kobaz Kobaren antolatzaileak, probaren hasiera eta bukaera lekuan. (Julene Framtzesema) 485 dortsal jarri zituzten salgai Kobaz Koba Trailen antolatzaileek igandean, otsailak 12, jokatuko diren probetarako, eta guztiak agortuta daude duela aste batzuetatik. Arazi hainbat museo eta kultura gune kudeatzen dituen enpresak ­–Ekainberri eta Lili Jauregia tartean– eta Agiro mendi klubak antolatutako probarako izen-ematea itxita dago, beraz. Antolatzaileek esan dutenez, iaz podiumean izan ziren lasterkari gehienak Zestoan izango dira igandean. Gainera, proban inskribatu diren lagunen izen-abizenak ikusita, parte-hartzaileen maila "igo" egingo dela esan dute. Iazko arrakastari jarraituz datoz aurtengo bi probak; izan ere, aurten ere Artzei eta Zaldei bideak osatu dituzte antolatzaileek. 17 kilometroko ibilbidea izango da Artzei, eta Zestoan hasi eta bertan bukatuko da. Zaldei bideak, berriz, 25 kilometro ditu, eta hori ere herrigunean hasi eta bukatuko da. Mikel Irure Agiroko kideak esan duenez, ibilbideak "politak" dira, eta, gainera, "hobetu" egin dituzte datorren urtekoekin alderatuz gero. "Zestoa eta Aizarna izango dira tokirik egokienak ikusleentzat, eta Santa Engrazia izan daiteke lasterketako lekurik ikusgarriena". Zaldei ibilbidea edo proba luzea egingo duten parte-hartzaileak 09:00etan abiatuko dira; aldiz, proba laburra edo Artzei egin behar dutenak 09:30ean. Antolatzaileek jakinarazi dute 10:15ak aldean iritsiko direla lehen lasterkariak helmugara, eta azkenak 13:00ak aldera. Proba laburraren sari banaketa 12:30ak aldean egingo dute, eta 13:00en bueltan proba luzearena. Gainera, hainbat zozketa egingo dituztela ere adierazi dute. Proba bakoitzean azkarren helmugaratzen diren hiru emakumeek eta hiru gizonek hainbat sari jasoko dituzte, hala nola produktuen saskiak eta 2018ko Kobaz Koba probarako gonbidapena. Aurten, baina, bada berrikuntzarik sariei dagokienez; izan ere, Naturalki Minimal Runner saria erantsi dute zerrendara. Horrenbestez, proba bakoitzean oinutsik edo oinetako bereziekin lehiatzen diren aurreneko bi parte-hartzaileek ere sari bana jasoko dute. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 20 bat lagunek eman dute izena Barefoot modalitatean. Dortsalak eta zerbitzuak Dagoeneko azken xehetasunak lotzen dabiltza Kobaz Koba Trailen antolatzaileak, eta lasterketari lotutako beste zenbait kontu ere zehaztuta dituzte. Adibidez, probarako dortsalak ostiralean, larunbatean eta igandean jaso ahal izango dira. Ostiralean eta larunbatean Zestoako Turismo Bulegoan eskuratu ahal izango dira 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 17:30era. Probaren egunean, igandean, berriz, kiroldegian banatuko dituzte dortsalak: 07:45etik 09:00etara jaso ahalko dituzte dortsalak proba luzeko parte-hartzaileek; eta proba laburra egingo duten lasterkariek 08:45etik 09:30era. Lasterkariei hainbat zerbitzu eskainiko dizkiete probaren egunean. Besteak beste, Zestoara bertaratzen direnek tren geltoki zaharrean probarako egokitutako aparkalekua izango dute. Horrez gain, korrika egin ondoren dutxa hartzeko parada izango dute hala nahi dutenek, Zestoako kiroldegian, herri eskolan edo Iraetako futbol zelaian. Dortsal zenbakiaren arabera leku batean edo bestean dutxatu beharko dute parte-hartzaileek. Gainera, berrikuntza bat ere izango da: masaje zerbitzua eskainiko dute probaren ostean kiroldegian. Kobaz Kobaren antolatzaileek esker hitzak izan dituzte proba prestatzen laguntzeko prest agertu diren 100 bat boluntarioentzat. Antolatzaileen arabera, "boluntario horiek egiten dute posible proba". Horrez gain, herriko merkatarien eta eragileen laguntza ere eskertu dute. Festa ere bai Kirol proba tarteko, festarako aitzakiarik ez da faltako igandean Zestoan. 10:00etatik aurrera trikitilariek alaituko dute giroa eta jan-edanerako tartea ere izango da, probaren babesleen eskutik. Horrez gain, inguruko eta urrunagoko herrietatik Zestoara joaten direnek hainbat gune bisita ditzaketela ere jakinarazi dute antolatzaileek. Izan ere, Kobaz Koba Trailen helburuetakoa ere bada bertaratzen direnek Zestoako eta inguruetako interesguneen berri izatea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide