Mus Txapelketa izango da gaur, Bekotxen. Jaiei bukaera emateko, egun osoko egitaraua prestatu dute iraetarrek biharko
Joan den asteburuan hasitako Iraetako Santa Ines jaiek segida izango dute asteburu honetan.
Aurreko larunbatean hasi zituzten jaiak iraetarrek, eta festetako lehen asteburuak utzitakoaz balorazio positiboa egin du Iban Narbaiza auzotarrak. Hark dioenez, "jende asko" izan zen asteburuan Iraetan. "Eskerrak eguraldi ona egin zuen, bestela ez ginatekeen kabituko zenbait ekitalditan". Narbaizak adierazi du frontoia jendez leporaino bete zela, bai larunbateko Aizkolarien eta Harri-jasotzaileen Txapelketarekin eta bai umeentzako puzgarriekin.
Festak ez dira bukatu, ordea. Gaur, esaterako, Mus Txapelketa jokatuko dute Bekoetxe merenderoan. 22:00etan zabalduko dute izen-ematea, eta bikoteko 30 euro ordaindu beharko da parte hartzeko. Lehia, berriz, 22:30ean hasiko da.
Txapelketa amaitzean, hainbat sari banatuko dituzte urtero legez. Bikote irabazleak 1.000 euro, txapelak eta oroigarria jasoko ditu; bigarren sailkatzen den bikoteak 500 euro eta oroigarria; hirugarrenak, 200 euro; eta, laugarrenak, 100 euro.
Egun osoko egitaraua
Bihar bukatuko dira festak, baina santainesei agur esan aurretik izango da zer gozatu Iraetan. Izan ere, egun osorako egitaraua prestatu dute auzotarrek azken egunerako.
Eguerdian pintxo lehiaketa egingo dute, eta, ondoren, pintxo horiek dastatuz bazkalduko dute bertaratzen direnek.
Arratsaldean, 18:00etan hasita, Futbol 7 Txapelketa mistoa jokatuko dute. Iraeta inguruko auzo eta herrietako taldeek parte hartuko dute bertan. Talde guztiek mistoak izan beharko dute eta parte-hartzaileek 14 urtetik gorakoak. Aurtengo txapelketan sei talde ariko dira nor baino nor: Zestoa, Iraeta, Arroa Goia, Arroabea, Akoa eta Aizarnazabal.
Eguneko azken ekitaldiak gauean egingo dituzte. 21:00etan afari herrikoia egingo dute, eta aurtengo santainesei bukaera emateko, 23:00etatik aurrera, Trikidantz taldearen erromeria izango da.
Egitaraua:Gaur, ostirala
22:00. Mus Txapelketa.
Bihar, larunbata
13:00. Pintxo lehiaketa.
14:00. Pintxo bazkaria.
18:00. Futbol 7 txapelketa.
21:00. Afari herrikoia.
23:00. Erromeria Trikidantz taldearekin.