Gabonetako jaiotzaren harira,
EAJren Udal Gobernuak plazaratu dituen argudioei erantzunez, Zestoako EH Bilduk honako argipen hauek azaltzea erabaki du:
1- Itziar Elorza EAJko zinegotziari Gabonetako jaiotza prestatzen pasatutako lan orduengatik udalak ordaindutako faktura Gizarte Zerbitzuetara bideratua egonik, ziur egiazta dezakegu aipatutako zerbitzuei dagokien batzordean faktura hori ordaintzea ez dela erabaki. Hori ez du soilik EH Bilduk egiaztatzen: duela gutxi dimisioa eman duen batzorde horretako buru izan den EAJko ordezkari Montse Atxegak ere gauza bera egiaztatu digu, eta berak ere, gure antzera, kontu horretaz deus ez zekiela jakin badakigu, alkateari bere haserrea adierazi diola dakigun bezala. Beraz, dagokion batzordean ordainketa egitea onartu zela esatea ez da egia.
2- Bestalde, Ogasun Batzordean inongo fakturarik ez da aurkeztu, besterik gabe, udalak ordaindutako gastu guztien idatzizko zerrenda luzea pasatzen da; hau da, soilik gastu bakoitzaren kopurua agertzen da eta ez fakturaren nolakotasunik. Ondorioz, kopuruak edo zerbaitek susmorik sortuz gero, oposizioak fakturaren edo gastuaren egiaztagiria eskatzeko eskubidea dauka, baina faktura horiek eskuratzeko denbora behar izaten duenez, eskatutako fakturak gerora jaso ohi ditugu, jaiotzari dagokion faktura bezala. Gure ustez era okerrean ordaindu diren beste hainbat ere (alkatearen bazkari pertsonalak, opariak, hoteletako egonaldiak, batzokiari ordaindutakoak…) era berdinean eskuratu ditugu, eta bilera batean guztia begiratzeko denborarik izaten ez dugunez, bileratik kanpo begiratu behar izaten dugu zerrenda. Beraz, EH Bilduko ordezkariak fakturak ontzat eman zituela esatea ez da egia.
3- Dirudienez, egia da Itziar Elorzak jaiotzarekin lotura aspaldidanik duela, baina aurreko agintaldian, bera oposizioko zinegotzi izandako garaian, jaiotzari zegozkion Ongizate saileko hiru urteko fakturetan gastu materialak soilik agertzen dira ordainduta. Legealdiko azken urtean, hala moduz eskuz idatzitako egiaztagiri batean bere lan orduak agertzen direla ikusi dugu, baina ez da inongo zinegotziren sinadurarik agertzen. Bide batez, gogorarazi dezagun aurreko agintaldian Ogasuna EAJren esku egon zela. Aurten, ordea, Itziar Elorza gobernu zinegotzia izanda, udal kontu-emaileak ordainketa egin aurretik alkatea ohartarazi arren, hark aholkuari muzin egin eta faktura ordaintzea agindu du. Alkate batek, jakinaren gainean, zinegotzi bati bidezkoa ez den dirutza ordaintzea benetan onartezina da.
4- EAJk horrela adierazi nahi badu ere, EH Bildu ez dago jaiotza egitearen aurka. Zorionez, beste herri askotan bezala, gurean ere jende asko ari da borondatez herriaren eta herriaren ondarearen alde lanean gizarteko eremu ezberdinetan, eta udalak herrigintzaren mesedetan, borondatezko lana sustatu beharko luke. Gure ustez, udalak lukro pertsonala modu horretan bultzatzeak, borondate onez lanean dabilen herritarra desmotibatu besterik ez du egiten, eta adierazgarria da Elizako arduradunek ere, kontu honen inguruan gertatzen ari denaren berri orain arte jakin ez izana.
Amaitzeko, EAJren idatziaren azken zatian, aurrerantzean ere berdin jarraituko dutela irakurtzeak erabat arduratzen gaitu. Aurreko agintaldian Zestoako Udalak herriko elkarteei diru-laguntzak eskatzeko oinarriak zorroztu egin zituen, eta hartutako neurriekin ados gauden arren, Udal Gobernuak eredu izan beharrean eta gardentasuna bultzatu ordez, gaizki eta ilun egindakoa errepikatzen jarraitu behar badu, nekez eska geniezaieke inolako gardentasunik gure herrikideei.