Zoroperi eguna ari dira ospatzen gaur Zestoan, eta goiz-goizetik, festa girorik ez da falta herrian. Herriko plazan dozenatik gora postu jarri dituzte inguruko ekoizleek, eta artisauek beste horrenbeste Laranjadi plazan. Gainera, Aizarnako talogileek egindako gutiziak probatzeko aukera ere izan da goizean goiz hasita. Kaleak eta plazak jendez betetzen joan dira eguerdia gerturatu ahala, eta barazki, fruta, ezti, gazta eta sagardo lehiaketak egin dituzte.
Trikiti doinuek hartu dituzte herriko kaleak; izan ere,
Zestoako Trikitixa Elkartea sortu berri dute, eta haibat belaunalditako soinu-jotzaileek eta pandero-jotzaileek jendaurreko lehen agerraldia egin dute gaur.
Festak ez du etenik izango egun osoan. Arratsaldean, pala eta eskuzko pilota partidak izango dira frontoian eta umeentzako clowna Kultur Etxean. Haien ostean, 20:00etan hasita, Obaneuke taldearen erromeria izango da.
Hona hemen, arratsaldeko egitaraua:
- 17:15. Kiroldegira kalejira, txarangarekin.
- 17:30. Pitussa clown kontalaria umeentzat, Kultur Etxean.
- 17:30. Kirol jaialdia, kiroldegian, Zestoako Pilota Elkarteak antolatuta. Palaz herriko neska-mutilak: Josu Rodriguez eta Leire Lopetegi Mikela Diaz eta Maialen Etxeberriaren aurka. Pilota partida profesionalak, eskuz: Ugalde eta Erostarbe Jaka eta Tolosaren aurka.
- 20:00. Obaneuke erromeria, udaletxeko arkupetan, afal ordura arte.
- 22:00. Obaneuke erromeria izango da berriz, udaletxeko arkupetan.
Hona hemen, goiz eta eguerdi parteko argazki bilduma:
[flickr_set id="72157674523019853"]