EH Bilduren GUTUNA: 'Beste bat eta beste bat'

Zestoako Hitza 2016ko abenduaren 15a

Fakturaren irudia. (Zestoako EH Bildu) Euskal musika talde ezagun baten kantaren pasarte bat jarri dugu izenburu gaurkoan. Beste behin, Zestoako Udal Gobernua inolako fiskalizaziorik eta inongo batzordetatik pasatu gabe ordaintzen ari den fakturen beste kapitulu batekin gatoz. Oraingoa lotsagabeena lotsatzeko adinakoa bada ere, EAJren gobernuaren hiztegian lotsa hitzaren arrastorik ez. Udal Gobernuko zinegotzi batek bera kide den Ongizate Batzordeari pasatutako eta kobratutako fakturan ikusten dena harrigarria bezain salagarria bada ere, gurean ikusitakoak ikusita, harritzeko gutxi. Parrokia barruko jarduerak erakunde publiko batek ordaindu behar izatea oso eztabaidagarria izan arren, larriena dena da zinegotzi batek elizako jaiotza egiten pasatu dituen "lan orduak" guztion diruarekin ordaindu izana da. Kontu Publikoen Epaitegiak edozein erakunderi eskatzen dizkion gutxieneko gardentasun neurri guztiak hautsita, teknikarien aholkuei kasurik egin gabe, zinegotzi batek mesede tratu larri batekin saritu du bere burua. Eta inork bestelakorik uste izango balu ere, ez alkateak eta ez EAJk, oker egindakoa konpontzeko ez dute inolako neurririk hartu. Zestoako EH bilduk, kasu honetan ere, guztion dirutik zinegotziari modu oker bezain lotsagarrian ordaindu zaiona berriro udalari itzultzea eskatuko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide