Duela zortzi urte Zestoako Musika Bandan jotzen hasi zenetik, Beñat Etxabek (Zestoa, 1994) gertu izan zuen Luis Barrena. Izan ere, biek bonbardinoa jotzen zuten. Joan den otsailaren 21ean hil zen Barrena, eta haren omenez abestia konposatu du Etxabek.
Musikenen bonbardino eta tuba ikaslea da zestoar gaztea, eta han eskatu zieten abesti bat egiteko. Barrena hil zenean erabaki zuen sortzen ari zen kanta hari eskaintzea, "omenaldi txiki bat egiteko".
Abestia metalezko bost musika tresnarentzat konposatu zuen Etxabek, baina musika bandarako egokitzeko eskatu zioten, eta azaroaren 19an, Zestoako bandak Xixili egunaren harira eskainitako kontzertuan jo zuten lehendabiziko aldiz Luis Barrena abestia.
Egun hartan berak egindako kanta jotzeko "urduri" zegoela adierazi du Etxabek. "Kanta egiten duzu, baina ez dakizu nola aterako den, ezta jendeari gustatuko zaion ere. Barrenaren familia ere han zegoen, eta gustatuko ote zitzaien kezka nuen". Halere, kontzertuaren ondoren jendeak abestia "oso polita" zela esan ziola-eta, gustura da Etxabe. "Oso hunkigarria eta polita zela esan zidan batek baino gehiagok, eta Barrenaren senideek eskerrak eman zizkidaten".
Abestia bukatzean, Barrenaren alargunari abestiaren kopia eta partitura eman zizkion Etxabek. Hark dioenez, familiakoei ez zien abestiaz ezer esan azken astera arte, "sorpresa" izatea nahi zuelako. Senideei "ilusioa" egin ziela dio. "Harreman handia nuen Barrenarekin, baita haren senideekin ere, eta merezi zuen".