Iazko Gaztain Erre jaialdirako irudia. (Sakulupe Guraso Elkartea)
Arroabeko hainbat eragilek Txikitasunean Handi festa antolatu dute gaurko eta biharko. Festa eta aldarrikapena uztartuko dituzte bi egunotan; izan ere, jai giroan murgiltzeaz gain, eskola berria zein Narrondo eta Iraeta arteko bidegorri zatia egitea aldarrikatuko dute.
Gaur arratsaldean hasita, dozena inguru ekitaldi izango dira. Txikitasunean Handi jaia Barbantxo taldearen laguntzaz antolatutako ume jolasekin hasiko dute gaur, 17:00etan. Ondoren, 18:30ean,
Eskola berria orain! lelopean, Gaztain Erre jaialdia egingo dute Sakulupe Arroabeko guraso elkarteak antolatuta. "Jai giroan", eskola berriaren gaia zertan den azalduko dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, haurrek bertsoak eta eskola txikien kanta abestuko dituzte ekitaldiaren bukaeran. Eta segidan, gaztain erre jana egingo dute. Sakulupeko kideek
Arroan eskola berria orain! lelodun kamiseta jantzita bertaratzeko deia egin diete gurasoei eta haurrei.
Egun osoko egitaraua
Ostiralean hasi besterik ez da egingo Txikitasunean Handi jaia. Izan ere, egun osorako egitarau oparoa prestatu dute larunbaterako.
Goizean Iraeta eta Narrondo arteko bidegorri zatia aldarrikatzeko martxa egingo dute. Arratsaldean, berriz, II. Mus Txapelketa izango da Txomin Enean, 16:00etan. Izena 15:45ak baino lehen eman beharko da, bikoteko 20 euro ordainduta. Bikote irabazleak bildutako diruaren %40 eta txapelak eskuratuko ditu, bigarrenak diruaren %30, hirugarrenak %20 eta laugarrenak %10. Horrez gain, haurrentzako euskarazko film emanaldia eta triki-poteoa ere egingo dituzte.
Eguna bukatzeko, bertso afaria egingo dute, Julio Sotorekin eta Aitor Sarriegirekin. Sarrerak Txomin eta Lourdes tabernetan edo 648-64 10 37 telefonoan eskura daitezke, 20 eurotan.
Bidegorria aldarrikatzeko martxa egingo dute, Narrondotik Zestoara
Iraeta eta Narrondo arteko bidegorri zatia egitea eskatzeko, Narrondotik Zestoara martxa antolatu dute Bidegorriaren aldeko herritar taldeko kideek biharko. 11:00etan hasiko da martxa Narrondon, eta Zestoan bukatuko dute 12:30ean, plazan egingo duten elkarretaratze zaratatsuarekin.
Arroabeko bizilagunek urteak daramatzate Urola bailara lotzeko falta den bidegorri zatia aldarrikatzen, eta berriz heldu diete gaiari "prozesua geldirik" dagoelako. "Azken urteetan, aurrerapausoak egin dira Legazpi eta Zumaia arteko bidegorri sarea osatzeko, eta zati bakarra falta da; gure herri txikia inguruko beste herriekin lotuko lukeena, hain zuzen".
Zestoarekin eta Zumaiarekin lotura "estua" dutela esan dute, eta batera nahiz bestera joateko autoa hartu behar izaten dutela salatu. "Ez gara gutxi batzuen kapritxoaz ari, herritar guztion ongizatea eta bizi kalitatea hobetuko duen proiektuaz baizik".
Bidegorriaren aldarria bailara osoarena dela adierazi dute, eta inguruko herrietako bizilagunei dei egin diete martxan parte har dezaten.
Txikitasunean handi
Gaur, ostirala
17:00. Umeentzako jolasak.
18:30. Eskola berria orain! ekitaldia. Ondoren, gaztaina erre jana.
Bihar, larunbata
11:00. Bidegorriaren aldeko martxa, Narrondon hasita.
12:30. Kontzentrazio zaratatsua Zestoako plazan.
16:00. II. Mus Txapelketa.
17:00. Haurrentzako euskarazko zinema emanaldia.
19:30. Triki-poteoa.
21:30. Bertso afaria Ederki elkartean, Julio Sotorekin eta Aitor Sarriegirekin. Ondoren, ordu txikiak arte, festa.