(Julene Frantzesena)
Urola Erdiko sei udalek, Iraurgi Berritzen garapen agentziak eta eskualdeko enplegu zerbitzuetako eta lan formazioko nahiz orientazioko hainbat eragilek
www.urolanprest.eus webgunea jarri dute martxan. Webgune horretan enpleguaren, orientazioaren eta formazioaren inguruko informazioa eskuratu ahal izango dute herritarrek, hala nola lan eskaintzak, formazio aukerak eta orientazio zerbitzuak.
Itziar Abarisketa Iraurgi Berritzeneko koordinatzaileak azaldu duenez, webgunearen helburua da "langabetuentzat eta lana hobetu nahi dutenentzat erreferentziazko topagunea" izatea. "Lan eskaintza desberdinen gaineko informazioa eskura daiteke webgunean, orientazio orokorra edo espezializatua ere bai, eta baita lanarekin lotutako prestakunta aukeren gaineko informazioa ere".
Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak webgunea "elkarlanaren emaitza" dela azaldu du: "Gure bailararen seriotasuna eta gauzak egiteko gaitasuna frogatuta gelditzen dira, halako proiektuak ezin baitira bakarrik egin. Askotan garrantzitsuagoa da proiektuak egiteko modua, proiektua bera baino; izan ere, denon artean lortu dugu guretzat lehentasuna den langabeziari aurre egiteko tresna sortzea". Etxeberriak eskerrak eman dizkie joan den agintaldian proiektua sortzen aritu ziren Mari Jose Iturria orduko Azpeitiko Udaleko Hezkuntza zinegotziari eta Joxe Fernando Garmendiari. "Haiek ohartu ziren gazteek ez zutela lanaz eta formazioaz behar adina informazio jasotzen".
Langabetu bakoitza, kezka
Urriko datuen arabera, 1.713 herritar daude lanik gabe Urola Erdian. Datu horiek kontuan izanda, Etxeberriak esan du "enplegua dutela lehentasun eta langabe bakoitza kezka". Horregatik, Azpeitiko eta Azkoitiko udalek, Iraurgi Berritzenen laguntzarekin, 2016-2018 Ekintza Plana osatu dute datozen urteetan Urola Erdiko bizilagunen egoera hobetzea lortzeko.
Etxeberriaren ildo beretik hitz egin du Javier Zubizarreta Azkoitiko alkate eta Iraurgi Berritzeneko lehendakariak. "Krisia atzean utzi dugula uste badugu ere, oraindik enplegua da jendearen kezka nagusia. Udalok ez dugu enplegua sortzeko ahalmenik, baina gure esku dago lan bila dabilenari baliabideak eta erraztasunak ematea. Horregatik, zerbitzuak bailarara egokitu eta bertako ezaugarrien araberako programa propioak garatzen saiatzen ari gara". Hark esan duenez, Ekintza Planaren helburua da "lan bila dabilenari arnasgunea eskaintzea". Horrez gain, esan du Iraurgi Berritzenek ia 900 langaberen informazioa duela egun, baina beste ia erdiena falta zaiela. Haiei esan die Iraurgi Berritzenera jotzeko, "laguntzeko baliabideak" badituztelako.
Jexux Agirre Iraurgi Berritzeneko zuzendaritzako kideak esan du eskaintzen dituzten zerbitzuak "langabetuengana iristea eta ahalik eta gehien zabaltzea" nahi dutela. "Ekintza Plana osatu dugu zerbitzuak nola hobetu behar diren jakiteko eta eraginkortasuna lortzeko. Eraginkortasuna lortu nahi dugu, enpleagarritasunean eragiteko".
Ekintza Planak hiru zutabe ditu: Orientazio eta Enplegu Zentroak, lan merkaturatzea errazteko profil desberdinei zuzendutako programak eta martxan jarri berri duten
www.urolanprest.eus webgunea.
Topaketen balorazioa
Atzo Iraurgi Berritzenen XIV. Topaketak egin zituzten. 50 bat enpresa, erakunde eta eragiletako kideak elkartu ziren Azpeitian. Begoña Beobide Iraurgi Berritzeneko zuzendariak azaldu duenez, "lau erronka" definitu zituzten topaketetan: "Talentuari nola eutsi; gizarte aldaketari nola erantzun; nola uztartu lan eskaria eta lan eskaintza; eta nola jorratu etengabeko formakuntza".
Horrez gain, erronka horiek lortzeko aurrera begira egin beharreko urratsez hausnartu zuten eragileek.