Egun bainuetxearen aurrean dagoen geltokia. (Eider Bereziartua)
Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamenduak hainbat lan egingo ditu urtea bukatzerako Zestoan. Batetik, Zumaiarako noranzkoan diren bi autobus geltoki lekualdatuko dituzte; eta, bestetik, Azpeitia aldera doan errepidean norabide aldaketa egiteko gunea egokituko dute.
Zumaiarako noranzkoan, Zestoako bainuetxearen aurrean, errepidez bestalde dagoen geltokia eta Gurutzekoa lekualdatuko dituzte. Bainuetxeko geltoki hori metro batzuk atzeratuko dute, eta lurpeko pasabidea dagoen tokian jarriko dute markesina berria.
Horrez gain, eta Zestoako Udala iaztik egiten ari zen eskariari erantzunez, Gurutzeko autobus geltokia herrigunetik kanpora, saihesbidera, aldatuko dute. Hain zuzen, hilerriaren ondoan kokatuko dute markesina, eta haren parean oinezkoentzako pasabidea jarriko dute, ibilgailuentzako semaforoarekin.
Bi geltoki horiez gain, Azpeitira bidean, Zestoako sarreran, gasolindegiaren ondoan dagoen bidegurutzean, norabide aldaketa egiteko gunea egokituko dute.
Lan horiek guztiak Urbycolan enpresak egingo ditu. Aldundiko ordezkariek esan dutenez, aurki hasiko dira obrekin, urte bukaerarako amaitu behar dituztelako. Lanek 121.607 euroko aurrekontua dute.