Arrue eta Irureta Pumori atzean dutela. (uztarria.eus)
Gaur hasiko da Agiro mendi klubak, Aizarnako Herri Elkarteak eta Zestoako Udalak antolatutako Mendi Astea. Hiru emanaldi, haurrentzako eskalada tailerra eta ibilaldi neurtua izango dira igandera bitartean.
Lehen emanaldia,
Bolivia 2016, gaur izango da. Koldo Ruizek eta Urtzi Zelaiak eskainiko dute Gurutze jubilatuen tabernan, 20:00etan hasita. Bihar, berriz, haurrentzako eskalada tailerra izango da kiroldegiko rokodromoan, 17:00etatik 19:00etara bitartean.Etzi izango da bigarren emanaldia 20:00etan, Gurutze tabernan, eta Nepalgo Mustang trekinga izango du hizpide Andoni Zulaikak.
Emanaldia eta ibilaldia
Joan zen urriaren 17an bete ziren 15 urte Beñat Arrue aizarnarra, Iñaki Aiertza aizarnazabaldarra eta beste hiru lagun Himalaiako Pumori mendira bidean izotz-jausi baten harrapatuta hil zirela. Arrueren senideek eta lagunek Nepalera bidaia egin zuten duela aste batzuk, hiru urtez behin egin ohi duten moduan.
Jada etxean dira Nepalera bidaiatu zuten Aizarnako, Zestoako eta Zumaiako herritarrak, eta haiek eskainiko dute Mendi Astearen barruko hirugarren eta azken emanaldia. Aizarnako Aranburu landetxean izango da ostiralean, 22:00etatik aurrera,
Pumoriko kanpalekura trekinga 2016 izenburupean.
Hiru emanaldietan hitzak eta irudiak uztartuko dituztela jakinarazi du Mikel Irure Agiro taldeko kideak, eta solasaldi bakoitzaren ostean mokadutxoa eskainiko dutela ere esan du. Hark azaldu duenez, herritarrek mendiari lotuta egindako bidaietako esperientziak plazaratzea nahi izaten dute Mendi Astearen barruan: «Herritarrek beren esperientziak konta ditzaten nahi izaten dugu. Normalean lortzen dugu herritarrek parte-hartzea, eta aurten ere herritarren bizipenak ezagutu ahalko ditugu».
Mendi Astea Beñat-Benantxio ibilaldi neurtuarekin bukatuko da. Lagun minak ziren Beñat Arrue eta Benantxio Irureta, eta biak mendian hil ziren. Irureta Arrue hil eta 12 urtera zendu zen, Aneto mendian erorita. Bi mendizaleen oroimenez antolatu dute aurrenekoz ibilaldi neurtua. Aizarnatik abiatuko dira igandean 07:30ean, eta 25 bat kilometroko itzulia egingo dute. Dagoeneko 115 bat lagunek eman dute izena, baina oraindik zabalik da izen-ematea
www.herrikrosa.eus webgunean.
Mendi Astea
Gaur, azaroak 8. Bolivia 2016 hitzaldia, Koldo Ruiz eta Urtzi Zelaiaren eskutik. 20:00etan izango da Gurutze jubilatuen tabernan.
Bihar, azaroak 9. Umeentzako eskalada tailerra kiroldegiko rokodromoan, 17:00etatik 19:00etara.
Osteguna, azaroak 10. Mustang trekinga 2016 (Nepal) Andoni Zulaikaren emanaldia, 20:00etan, Gurutze jubilatuen tabernan.
Ostirala, azaroak 11. Pumoriko kanpalekura trekinga 2016 (Nepal) emanaldia, 22:00etan, Aizarnako Aranburu landetxean.
Igandea, azaroak 13. 07:30ean Aizarnako plazatik irtenda, Beñat-Benantxio ibilaldi neurtua.