Zestoako Laiak dendaren jabe Xabier Etxabek (Zestoa, 1966)
hirugarrenez antolatu du Ardo Dastaketa.
Modan al daude ardo dastaketak?
Baietz dirudi. Geroz eta ardandegi gehiago zabaltzen ari dira, gainera. Lehen ere edaten zen ardoa txikiteoan-eta, baina, orain, desberdina da. Askotan pentsatzen dugu gazteek ez dutela ardorik edaten, baina ez da hala; gazteek edaten dute, momentu zehatzetan. Baina txikiteoa, igoal, ez dute ardoarekin egiten.
Aurreko bi edizioak zer moduz?
Ondo. Aurreneko urtean dendan nituen produktuak-eta erakusteko antolatu nuen. Egitasmoak izan zuen harrera ikusita eta jendeak berriz antolatuko nuen galdetzen zidanez, bigarrenez egin nuen, eta 170 bat lagun izan ziren.
Zein da egitasmoaren xedea?
Helburua da herritarrek ardo desberdinak dastatu ahal izatea, festa giroan. Helburua ez da mozkortzea eta leporaino edatea, probatzea baizik. Ardoaren mundua herritarrei gerturatu nahi diegu.
Zer ardo dastatu ahalko dira larunbatean?
Errioxa, Araba eta Rueda jatorri izena duten 17 bat ardo. Zuriak, gorriak eta beltzak, urtekoak nahiz onduak, izango dira aukeran. Laiaken ardo berezi samarrak izaten ditugu, eta horiek ezagutarazteko balioko digu.
Ardoaz gain, pintxoak ere jan ahal izango dira.
Bai. Zamorako gazta desberdin ugari probatu ahal izango dira; mahai handi bat jarriko dugu gazta aukera zabalarekin. Horrez gainera, antxoa, txorizo, hirugihar eta pate pintxoak ere eskainiko ditugu, euro baten trukean.