Arroabeko bizilagun talde batek bilera deitu du bidegorriaz hitz egiteko

Julene Frantzesena 2016ko urr. 14a, 10:53

Zestoa eta Narruondo artean egiteko falta den bidegorri zatiaz hitz egingo dute gaur, 18:30ean hasita, eskolako gimnasioan . Proiektua zertan den jakin nahi dute, urratsak egiten hasteko.

Zumaia eta Narruondo auzoaren arteko bidegorria. (altair.com) Arroabeko herritar talde batek herri batzarra deitu du gaur arratsalderako. Zumarraga eta Zumaia arteko bidegorriaren barruan, Zestoa eta Narruondo artean egiteko falta den zatiaz hitz egingo dute bertan. 18:30erako deitu dute bilera, eta eskolako gimnasioan elkartuko dira. Bileraren deitzaileetako bat den Irati Manzisidorrek dioenez, pausoak ematen hastea erabaki dute Narruondo eta Zestoa arteko bidegorria egitea eskatzeko. "Zati horren gaineko informaziorik ez dugu, ez dute ezer esan horren inguruan, eta nahi duguna da Arroabeko bizilagunak elkartzea, mugitzen hasteko". Manzisidorren arabera, behin baino gehiagotan egin dute bidegorria egiteko eskaera: "Udal ordezkariak etorri izan direnean egin diegu eskaera, eta Narruondoko zatia inauguratu zutenean ere joan ziren herritarrak eskaera egitera. Bere garaian sinadurak ere bildu zituzten". Falta den bidegorri zati osoa egiteko eskatzen badute ere, lanak hasteko, Narruondo eta Arroabea lotzea lehenetsi dute. "Zati txikiagoa eta epe motzean egiteko bideragarriagoa delako, Narrondorekin lotzeari ematen diogu lehentasuna. Baina, noski, helburua da bide osoa egitea". Errealitatea ezagutzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarena da bidegorriak egiteko eskumena, eta Arroabetik igaroko den zatiko proiektua zertan den jakin nahi dute. "Zestoako Udalarentzat eta diputazioarentzat lehentasuna izatea nahi dugu. Bi erakundeetara joango gara informazioa eskatzera. Errealitatea zein den ikustean erabakiko dugu zer egin. Eta biharko bileran horren inguruan hitz egingo dugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide