Inguruko herrietako musika bandek alardea egingo dute larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko ira. 20a, 16:08

Zestoako, Getariako, Zumarragako, Azkoitiko eta Azpeitiko bandek egingo dute alardea. 18:00etan hasiko da emanaldia, eta kalejiraren ostean, kontzertua emango dute plazan

1998an, IƱaki Alberdi bandako kideari omenaldia egin ziotenean, izan zen azken banden alardea Azpeitian. Orduko hartan hainbat musika banda elkartu ziren, eta elkarrekin jo zuten. Ordutik ez da egin halakorik, baina larunbatean berreskuratuko dute egitasmoa. Izan ere, Zestoako, Getariako, Zumarragako, Azkoitiko eta Azpeitiko bandetako 200 bat musikari izango dira herriako kaleak girotzen. "Euskal Herrian ez da normala bost banda batera jotzen ikustea. Herrialde Katalanetan-eta ohikoak dira halako emanaldiak; 200 laguneko bandak ere badira han", azaldu du Agustin Jimenez Azpeitiko bandako kideak. Alardearen aurkezpen ekitaldia egin zuten atzo, egitasmoa antolatzeaz arduratu diren bandako musikariek eta Unai Frantzesena zuzendariak, Mikel Ibarzabal zinegotziak eta Eneko Etxeberria alkateak. Goizeko izarra, aurrena Alardea 18:00etan hasiko da; hau da, ordu horretan elkartuko dira musikari guztiak plazan. "Hasiera ikusgarria" izango dela aurreratu du Jimenezek, "bost bandek batera" joko dutelako Goizeko izarra abestia. Ondoren, Azkoitiko eta Zumarragako bandek Goikokaletik barrena kalejira egingo dute. Zestoakoak eta Getariakoak, berriz, Alde Zaharrean egingo dute ibilbidea. "Guztiek ibilbide desberdina egingo dute, eta kaleak musikaz beteko dituzte", esan du. 18:30erako plazan elkartu eta mokadutxoa egingo dute musikariek, eta 19:00etan kontzertu nagusia emango dute plazan, kioskoaren aurrean. Banda bakoitzak hamar bat minutuko errepertorioa joko du aurrena, eta, ondoren, guztiek batera, Plazara abestia eskainiko dute. Frantzesenak esker hitzak izan ditu musikarientzat eta udalarentzat. Hark esan duenez, halako alarde bat antolatzeak "lan handia" eskatzen badu ere, talde lanean "horrelako lan politak" egin daitezkeela ikusi dute. Horrez gain, esker hitzak izan ditu musikarientzat zein udalarentzat. Eneko Etxeberriak bandak egiten duen lana goraipatzeaz gain, "aitorpena merezi" duela esan du. Gainera, herritarrak ekitaldiaz gozatzera animatu ditu, "polita eta berezia" izango delako. 150. urtemugaren barruan Aspaldi egin ez den egitasmoa berreskuratzeko grinak erakarrita eta herriko banda 150. urteurrena ospatzen ari dela aitzakia hartuta egingo dute alardea zapatuan, baina ez da urte bukaera bitartean egingo duten "ekitaldi berezi" bakarra izango. Izan ere, urrian Sahatsarekin elkarlanean emanaldia eskainiko dute, Santa Zeziliaren bueltan kontzertu berezia egingo dute bandan ibilitako musikari ohiek eta egungoek, eta abenduan kontzertu berezia eskainiko dute 150. urteurreneko egitasmoei bukaera emateko. Joan den otsailean hasi zituzten urtemuga ospatzeko ekintzak, eta, ordutik, poteo musikatua, trenaren museoko emanaldi berezia eta monumentu historikoak ezagutzeko gida musikatua egin dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide