1985ean Zestoan egin zuten 'Belle epoque' garaiko festa bateko irudia. (Maria Jesus Etxeberria)
Zestoako bainuetxeak sona handia izan du urte luzez, eta bisitari ugari bertaratu izan da, besteak beste, hango ur preziatua edateko aitzakian. Hango eta hemengo urzaleak ziren haiek, eta bainuetxera egindako bidaietan herria ere bisitatu izan zuten.
Zestoako Amabirjin jaietan ere izan ohi ziren turistak, eta haien inguruko parodia batekin hasiko dituzte zestoarrek festak gaur arratsaldean. Izan ere, txupinazoa baino ordubete lehenagorako, 18:00etarako, ekitaldi berezi bat prestatu dute hainbat herritarrek.
Aranzabaleko kondeari ongietorria egingo diete bainuetxean, eta parodia hori prestatzen aritu den herritar taldeko kidea da Jagoba Astiazaran. Hark dioenez, "turista" da Aranzabaleko kondea, eta "dagoeneko bainuetxean da egun batzuk pasatzen". "Pertsonaia hori eta beste batzuk asmatu egin ditugu, eta herriko festetara bisitan datorren kondearen inguruko istorio bat antzeztuko dugu. Horrenbestez, herritarrak bainuetxean elkartuko gara kondeari harrera egiteko, eta topa egin ostean, plazara abiatuko gara denok kalejiran", azaldu du.
Kalejiran Badajozeko (Extremadura, Espainia) Berzosax musika eta antzerkia uztartzen dituen taldea izango dute bidelagun. Astiazaranek Donostiako Jazzaldian ezagutu zuen taldea, eta Zestoara eginiko gonbita onartuta, bihar herrian izango dira "giroa alaitzen". Gainera, txupinazoaren ondorengo poteo elegantean ere izango dira.
"Kondearen aldekoek eta kontrakoek hartuko dute parte parodian, eta obraren muina da batzuek txupinazoa kondeak botatzea nahi dutela, eta, besteek, berriz, ez. Hor dago koxka, kondea bai edo kondea ez", aurreratu du.
Kondearen aldekoak ala ez, festen hasierako suziria San Joan eta Gisasola egoitzetako egoiliarrek botako dute 19:00etan. Eta orduan hasiko dira, ofizialki, bost eguneko festak.
Txupinazoa "indartzeko"
Gaurkoan hezurmamituko dute aspalditik buruan zuten asmoa, nahiz eta "ideia aspaldikoa" den. Astiazaranen arabera, "Zestoarekin zerikusia" zuen zerbaiten inguruko antzezlana egitea zuten helburu hasieratik.
Hamabost bat lagun aritu dira parodia antolatzen eta osatzen, eta Zestoako Eromen Produkzioak Zestoako antzerki taldeko zuzendari Amancay Gaztañagaren laguntza izan dute.
Duela pare bat aste inguru hasi ziren ekitaldia antolatzen "txupinazoa indartzeko" helburuarekin. "Zestoako txupinazoa ez da bereziki jendetsua eta parte-hartzailea, ez da festetako ekitaldi garrantzitsuena, eta zerbait behar genuen festen hasierari indarra emateko".
Herritarrei deia
Parodiaren sustatzaileek herritarrei dei egin diete 18:00etarako bainuetxera «ahalik eta trapu apainenekin» bertara daitezen. "Modu dibertigarrian eta lan handirik hartu gabe, herritarrek nahi duten garaiko mozorroak edo apaingarriak jantz ditzaten nahi dugu, hala nola pamela bat, txapela, amonaren lepokoa, txalekoa... Horiek nahikoa dira festan sartzeko".
Txupinazoa indartzeko "aitzakia" asmatu dute, baina zestoarrek festarako aitzakia handirik ez dutela behar aski jakina da. "Aurtengorako ideia hau da, eta funtzionatzen badu eta harrera ona izaten badu, errepikatuko dugu. Ez dakidana da kondea edo nor etorriko den".
AMABIRJIN JAIETAKO EGITARAUA
Gaur, asteazkena
18:00. Aranzabaleko kondearen etorrera bainuetxean. Ondoren, kalejira plazara Badajozeko Berzosax antzerki eta musika taldeak lagunduta.
19:00. Txupinazoa. San Joan eta Gisasola egoitzetako egoiliarrek botako dute. Ondoren, musika bandaren, buruhandien eta txistularien kalejira eta poteo elegantea egingo dituzte Berzosax taldeak lagunduta.
19:00. Meza parrokiako abesbatzarekin, eta Amabirjinaren Salbea.
21:00. Presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko afaria, Etxerat elkarteak antolatuta, arkupeetan.
23:00. Bull DJarekin guatekea.
Bihar, Amabirjin Eguna
09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
10:00. Idikaitz txistulari taldearen diana.
11:00. Zestoako Musika Bandaren eta Idikaitzen kalejira.
12:00. Meza Nagusia, parrokiako abesbatzarekin.
13:15. Zestoako Musika Bandaren kontzertua.
17:00-18:30. Parkour ikuskizuna eta haurrentzako break dance tailerra, parkean.
17:30. Zekorketa aurreko kalejira.
18:00. Lehen zekorketa.
20:00. Tximeleta taldearen dantzaldia, Laranjadin.
21:00. Oilasko-jana, arkupeetan.
23:00. Tximeleta taldearen dantzaldia, Laranjadin.
Ostirala, irailak 9
09:00. Dultzaineroen diana.
10:00. Txistularien diana.
11:30-13:30. Puzgarriak, zezen mekanikoa eta kart zirkuitua, frontoian eta Kultur Etxearen aurrean.
12:30. Nafar ikurrari gorazarrea Laranjadin, bertsoekin,
jotekin eta dantzekin lagunduta.
13:00. Txakolin dastatzea eta bertsolariak.
17:00-19:00. Puzgarriak, zezen mekanikoa eta kart zirkuitua, frontoian eta Kultur Etxearen aurrean.
17:30. Zekorketa aurreko kalejira.
18:00. Bigarren zekorketa. 20:00. Aire ahizpen emanaldia, Laranjadin.
22:00. Pilota jaialdia: Mendizabal III-Martija / Jaka-Tolosa, Irribarria-Rezusta / Altuna III.a-Zabaleta.
23:00. Tu otra bonita taldearen emanaldia.
00:15. Gozategiren kontzertua, Laranjadin.
Larunbata, irailak 10
10:00. Idikaitz txistulari taldearen diana.
11:00-13:00. Zirko tailerra, frontoian.
12:30. Paella lehiaketarako prestaketak eta Ustekabe txaranga.
14:30. Paella lehiaketako epaimahaiaren agerraldia. Ondoren, herri bazkaria plazan.
18:00. Baltsa jaitsiera Urola ibaian, Ustekabe txarangak alaituta.
23:00. Julius DJa, plazan.
Igandea, irailak 11
10:00. Idikaitz txistulari taldearen diana.
11:00. Haurren udalbatzarra eta korporazioaren kalejira, Ustekabe txarangarekin.
12:00. Umeen txupinazoa.
12:00. Meza Nagusia.
12:45. Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak eta poniak.
14:30. Haurrentzat eta gurasoentzat bazkaria.
16:30-18:00. Haurrentzako jolasak-eta, Laranjadin.
18:30. Apar festa, frontoian.
20:30. Berriketan taldearen emanaldia, Laranjadin.