Gaur zortzi hasiko dira Amabirjin jaiak Aizarnan. Lau egunez, festa izango da nagusi bertan, eta herritarrek izango dute zer goza egun horietan guztietan.
Hilaren 12an, 18:30ean, txupinazoarekin hasiko dituzte festak. Ondorengo ordu eta egunetan, berriz, otorduak, haurrentzako jolasak, herri kirolak, musika emanaldiak eta abar izango dira.
Ohiturari jarraituz
Garai bateko usadioari segituz, oilasko biltzea egingo dute hainbat gazte aizarnarrek hilaren 14an, igandez. 07:30ean abiatuta eta eguerdia bitartean, baserriz baserri ibiliko dira eskean, trikitilariek lagunduta. Baserri bakoitzean zahagi dantza egiten dute eta trukean dirua, elikagaiak edo oilaskoak jasotzen dituzte.
Urtero ibilbide bera egiten dute oinez, mendi bidexketatik, baina dantza egiten duten baserriak ez dira beti berak izaten; izan ere, inor ez badago etxean beste baserri batera joaten dira.
14:30ean itzuliko dira Aizarnara, herritarrei aurreskua egiteko. Bazkalostean, herriguneko etxeetan ibiliko dira eskean. Hala eta guztiz, ez dira festak egun horretan bukatuko.
Astelehena izango da amabirjinetako azken eguna. Meza eta gero, Zestoako dantzarien emanaldia eta jubilatuentzat hamaiketakoa izango dira. Arratsaldean, herri kirol erakustaldia egingo dute, eta Antonio Lizanaren kontzertuarekin bukatuko dira jaiak.
Egitaraua
Aizarnako Amabirjinak
Abuztuak 12, ostirala.
- 18:30. Txupinazoa.
- Jarraian, pilota partidak.
- 21:00. Barbakoa, plazan.
- 23:30. Rodeo eta LGHBT taldeen kontzertuak.
- Jarraian, DJ emanaldia.
Abuztuak 13, larunbata.
- 11:00. Umeen txupinazoa.
- Ondoren, altxorraren bila eta ur jolasak.
- 13:00. Umeen bazkaria.
- Bazkalostean, pailazoen emanaldia.
- 17:00. Umeentzako jolasak.
- Ondoren, txokolatada.
- 18:30. Jon Urbieta DJaren emanaldia.
- 23:30. Kontzertua: Fun & Go.
Abuztuak 14, igandea.
- 07:30. Oilasko-biltzera irteera.
- 11:00. Puzgarriak.
- 13:30. Apar festa.
- 14:30. Oilasko biltzaileen dantza, plazan.
- Jarraian, kuadrilla arteko paella lehiaketa.
- Arratsaldean, oilasko biltzaileak herrian ibiliko dira.
- 23:30. Izer eta Alabier.
Abuztuak 15, astelehena.
- 11:00. Meza nagusia parrokian.
- Jarraian, Zestoako dantzarien emanaldia eta jubilatuentzako hamaiketakoa.
- 18:00. Herri kirolak. Luis Txapartegi eta Xabier Orbegozo aizkoran eta Izeta II.a eta Jagoba Otaegi harri-jasotzen.
- Afalostean, Antonio Lizanaren kontzertua.