Inma Izeta Enginarekin, Igeldon. (Inma Izeta)
Duela bost urteko udan "azken orduan harrera familia bat behar zela-eta" hartu zuten saharar haur bat etxean Inma Izetak eta haren familiak. Zestoan hartu zuten Engina, sei urteko neskatoa, "pisu arazoekin": "Orain, berriz, oso ondo dago, hazi egin da. Iaz, lau kilo eta erdi irabazita itzuli zen etxera", dio barrez.
Izetari ez zitzaion arrotz Saharako egoera eta haurrek han bizi dutena; izan ere, behin baino gehiagotan joana da hara. Hark dioenez, "nola edo hala atera behar dira umeak Saharatik udan", izugarrizko beroa egiten baitu. "Ia 60 gradutan egon dira duela gutxi eta hondar-ekaitza ere pasatu dute", azaldu du.
Uztailaren 2an iritsi zen Engina Zestoara. Laugarrenez itzuli da, eta abuztuaren 30era arte egongo da izetatarrenean. Hurrengo urtean ere itzuli ahal izango du, 12 urte betetzeke izango dituelako. Dena den, neguan ere izaten dute harremana Enginaren familiarekin: "Gabonetan eta Aste Santuan inguruko jendea joan izan da Saharara, eta sobretxoren bat bidali izan diegu diru pixka batekin. 20-50 eurorekin hilabetean jateko adina izaten dute".
"Familien beharra"
Oporrak Bakean programaren bidez etortzen dira haur sahararrak udan Euskal Herrira. Aurten 323 ume etorri dira Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara, eta horietatik 107 daude Gipuzkoan. Ume horietako batzuk aterpetxeetan hartu dituzte, "gero eta harrera familia gutxiago" daudelako.
Izetaren aburuz, "merezi" du esperientzia bizitzeak. "Hemengo familiak eman behar duena oso gutxi da, etxean plater bat gehiago jartzea da. Ez da ikaragarrizko esfortzua egin behar, eta haientzat hainbestekoa da... Umeak bi hilabetean egiten duen hobekuntza ikustekoa da, osasunean irabazten dute. Oso-oso esker onekoak dira gainera, eta gutxirekin konformatzen dira. Hau paradisua da haientzat", azaldu du.
Halere, lehen urtea "gogorra" izan zela aitortu du, elkar ez zirelako ezagutzen, hizkuntzagatik eta ohiturengatik: "Ordutik, baina, geroz eta hobeto moldatu gara. Ja lagunak ere baditu Zestoan".
Igandean, festa
Igandean, 13:00etan, hainbat herritan diren haur sahararrei harrera egingo diete Zestoako plazan. Ondoren, bazkaria eta puzgarriak izango dira. Izetak dioenez, «haurrentzat festa egun polita izaten da».
Igandea pasatuta, artean, hilabete dute haurrek etxera itzultzerako. Gustura itzul daiteke Engina, Izetaren etxeko atea zabalik izango du-eta datorren urtean ere.