Azpeitiko Antxieta jakintza taldeak Paleolitikoko marrazki multzoa aurkitu du Zestoako Astuigaña haitzuloan. Aizarnako Santa Engrazi mendiaren inguruan dago koba hori. Abenduaren 13an egin zuten aurkikuntza, azken urtebetean, igandeetan, egiten ari diren labar arteen errebisioetako batean.
Koba horretako eremu "ezkutu eta estu" batean aurkitu zituzten animalien grabatuak, eta irudi gehiago egon daitezkeela uste dute Antxietako kideek. Hala azaldu du Jose Inazio Arrietak: "Ahuntz edo orein eme bat eta zaldi baten burua ikusten dira. Eta leizearen hondoan, harriekin tapatuta-eta, arrasto gehiago ikus daitezke, baina artean adituak direnek ikerketa egin arte ezin da jakin zer dagoen han".
Irudiok aurkitzean, lehen-lehenik, EHUko Historiaurrearen Ikerketarako Taldeari jakinarazi zioten; izan ere, haiek egiaztatzen dituzte aurkikuntzak. "Haiek esan ziguten Paleolitiko garaikoak, Madeleine Aldikoak, zirela, irudien ezaugarri formal eta estilistikoak garai hartakoak direlako". Ikerketa talde horren arabera, gutxi gorabehera, 12.000 eta 13.000 urte artean izan ditzakete margoek.
EHUko kideek Gipuzkoako Foru Aldundiari aurkikuntzaren inguruko informazioa eman diote, eta haiek Eusko Jaurlaritzara bideratu dute. Aldundiak ohar bidez jakinarazi duenez, haitzuloa babesteko neurriak hartu eta hura itxi du Jaurlaritzak. Izan ere, "kultura ondasun gisa" definitu du, bere balio arkeologikoa tarteko: "Orain, babes gorena edukitzera pasatuko da labarretako artearen adierazle delako". Gainera, Aldundiak dio Madeleine Aldia arte sorkuntzarentzat "ekoizpen handikoa" izan zela.
Arrietak dioenez, "dirua beharko da" ikertzaileek koba horretan lanean jarraitzeko. "Egun kulturara bideratzen den dirua nola dabilen ikusita, horretarako dirua iristerako urteak beharko direla dirudi".
Ekain, garai berekoa
Astuigañako grabatuak Ekaingo labar arteen garai beretsukoak direla jakinarazi du Aldundiak. Dena den, badute desberdintasun nabarmen bat: Astuigañan margo bakan batzuk aurkitu dituzte, eta Ekainen ugariagoak dira.
Erakundeak esan du "beharrezkoa" dela azken aurkikuntzako labar artea aztertzea, multzo handiagoak dituztenak "ulertzeko".