Joan den ostiralean inauguratu zuten
Lasaoko Herri Etxea. Ekitaldian izan ziren dozenaka lasaotar, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Josetxo Mendizabal Zestoako alkatea eta bi udaleko hainbat ordezkari. Izan ere, bi udalek erdi bana ordaindu dituzte lanak; 103.000 euroko aurrekontua izan dute aurrefabrikatutako etxea jarri eta ingurua egokitzeko lanek.
Inaugurazioan ekitaldian parte hartu zuten auzoko haurrek, dantzariek nahiz trikitilariek. Ondoren, hitza hartu zuten Lasaoko auzo alkate Mari Jose Azkuek eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. Etxeberriak ekitaldian esan zuen Lasao ez dela auzo "ahaztua", eta "elkarlanean eta pixkanaka" gauza gehiago egingo dituztela adierazi zuen. Mari Jose Azkue Lasaoko auzo alkateak, berriz, "lokalari eta auzoari bizia ematera animatu" zituen lasaotarrak. Ondoren, luntxa egin zuten.