Lasaotarrek auzo lokal berriaz gozatu ahal izango dute gaurtik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko ots. 12a, 10:06

Lasaoko Herri Etxea inauguratuko dute 19:00etan. Han izango dira Azpeitiko eta Zestoako udal ordezkariak.

Zestoako eta Azpeitiko udalek nahiz auzotarrek gaur, ostirala, inauguratuko dute Lasaoko Herri Etxea, 19:00etatik aurrera egingo duten ekitaldiarekin. Mari Jose Azkue Lasaoko auzo alkateak azaldu duenez, "xumea" izango da inaugurazio ekitaldia. Bi udaletako ordezkariez gain, auzoko haurrek, bertsolariek nahiz trikitilariek hartuko dute parte eta, ondoren, luntxa egingo dute. Lasaoko bizilagunen azken urteetako eskaerari erantzunez, 2014ko irailean hitzartu zuten Azpeitiko zein Zestoako udalek auzo lokala eraikitzea. Lanak hasieran iragarritako data baino beranduago, 2015eko udaberrian, hasi zituzten. 103.000 euro inguru kostatu dira obrak, eta bi udalek erdibana ordaindu dituzte. Lasaoko umeen parkearen ondoan kokatu dute aurrefabrikatutako eraikina. Eraikina atondu dute jada eta inguruko urbanizazio lanak ere egin dituzte: erabiltzen hastea soilik falta zaie lasaotarrei. Elkartzeko gunea Lokalari esker, lasaotarrek auzoan bertan elkartzeko tokia izango dute aurrerantzean. Proiektuaren balorazio "ona" egiten du Lasaoko auzo alkateak. "Lanak luze joan badira ere, jada hor dugu auzo etxea; badugu non bildu orain", azaldu du. Auzo alkateak dioenez, gune horri "zukua" atera behar diote hemendik aurrera: "Hildako auzoa berpiztu behar dugu, aitzakiarik ez dugu. Hori dugu erronka". Herri etxe "dinamikoa" Auzotarrak elkartzeko tokia ez ezik, kultur ekintzentzako gune ere bilakatu nahi dute auzo etxea; kultur etxe moduko zerbait izatea aurreikusten dute auzotarrek. Azkuek dioenez, herriko etxeak "dinamikoa" izan behar du, bai kultur ekitaldiei dagokienez eta baita biltzeko gune moduan ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide