Zestoako Jarraipen Batzordea
(Zestoako Udala)
Zestoako Jarraipen Mahaiak herriko eragileekin hainbat bilera egin ostean, Harrobia Herri Plataformak salatu du ez dela mahai gainean jarri Osinbeltz harrobian hondakin geldoen biltegia jartzeko proiektua bermatzeko "dokumentazio garrantzitsurik", honek "behin eta berriz" eskatu arren. Hain zuzen, taldeak hainbat txosten eskatu dizkio udalari, eta oraindik erantzunik ez dutela jaso adierazi dute. Besteak beste, biltegiaren balizko kokalekuak aukeratzeko aurretiazko azterketaren txostena, Zubietako TMB plantaren proiektua eta Osinbeltzen egin nahi den proiektua eskatu dizkie. Azken honi dagokionez, proiekturik ez dagoela adierazi dute.
Honen aurrean, Osinbeltzeko proiektuari lotutako parte hartze prozesuarekin hasi badira ere, honakoa galdetu dute: "Zer mailatako parte hartzea izan daiteke informazioa ukatu eta ezkutatzen denean? Nola daiteke gutxienez hemendik 20 urtetara gauzatuko litzatekeen Osinbeltzeko berreskurapenaz hitz egin, egin nahi den zabortegiaren proiekturik ere ez dagoenean?".
Udalak, bere aldetik, gezurtatu egin du informazioa ezkutatu izana, eta plataformaren esanak "intentzio txarrekoak" direla azpimarratu du: "Herriarentzako hain erabaki garrantzitsua denaren aurrean jokabide hori hartzea erantzukizun eta ardura gutxikoa iruditzen zaigu. Izan gaitezen kritikoak eta azter ditzagun pausu guztiak zorroztasunez, baina ez gaitezen ibili elkar oztopatzen ezertan hasi baino lehen".
"Orain arte egin dugun bezala", Udalak jasotzen duen informazio guztia "uneoro herritarren esku" utziko dutela argitu dute, "parte hartze prozesuan ekarpenak eta erabakiak erantzukizunen eta ardura osoz hartu ahal izateko, guztion artean". Horrez gain, gaiarekin lotutako kontuekin "zorroztasunez" jokatuko dutela agindu dute, eta hala eskatuko dizkiete zehaztasunak Gipuzkoako Foru Aldundiari, "txosten tekniko guztiak lortu eta partekatzeko".
Udalaren arabera, plataformak udalari eskatu dizkion txostenak udalak berak eskatuta dauzka Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta horiek jaso eta "ondo aztertu" bitartean harrobiaren "inolako proiekturik" ez dutela onartuko berretsi dute. "Ez daukagu inolako zalantzarik horretan, eta GFA eta GHK erakundeek ondo dakite hori. Baina txostenak elaboratu eta aurkezteak epe batzuk ditu eta patxadaz jokatu behar dugu, patxadaz txostenak iritsi arte eta patxadaz txosten horiek aztertu ahal izateko".
Bien bitartean, udalak herritar guztiak gonbidatu ditu Jarraipen Batzordean eta hasi berri duten parte hartze prozesuan parte hartzera, "bertan aztertuko baitugu eskuetara iritsiko zaigun informazioa oso-osorik". "Parte hartze prozesuan entzun, ikasi, bermeak zehaztu eta Zestoaren etorkizunerako onak izango diren proposamenak landuko ditugu. Eta hori guztia egin eta gero, berriro galdetuko dugu zein den zestoarron azken erabakia. Erabaki hori defendatuko du Zestoako Udalak, beste ezeren gainetik", gaineratu dute.