Lokal hutsa, Zestoan. (Argazkia: Zestoako Udala)
Zestoako Udalak herrian itxita dauden lokalei bestelako erabilera emateko asmoz, egitasmo bat jarri du martxan. Merkataritza eta Ostalaritza Mahaiak sustatu du proiektua, eta arduradunek adierazi dutenez, honen bidez herriguneko lokal itxiak herritarren esku jarriko dituzte, horiek zerbitzu berriak eskaintzen has daitezen.
Izan ere, udalak nabarmendu du herrigunean «lokal ugari» dagoela Zestoan itxita. Merkataritza eta ekintzailetasuna sustatzeko asmoz, beraz, beste zerbitzu bat eskaintzeko interesa duten ekintzaileek gunea erabiltzeko aukera izango dute, Zestoako Udalak adostu dituen baldintza «berezi» batzuen bidez.
Lokalak utzi nahiz horiek erabili nahi dituztenek dagoeneko eman dezakete izena egitasmoan. Udalak adierazi du lehenengo lokalen jabeekin jarriko dela harremanetan. Horretarako interesa dutenek udaletxera jo dezakete, eta han jasoko dute informazio osoa eta baldintza zehatzak. Abenduaren 13a baino lehen egin behar dira eskaerak, eta orduan osatuko dute zerrenda.
Baldintza berezietan
Lokalen jabeek eta ekintzaileek hainbat eskubide eta baldintza bete beharko dute; esaterako, lokala dutenek ez dute udal tasa eta zergarik ordainduko. Erabiltzaileek, berriz, lokala erabili aurretik erakusleihoa eta fatxada berritu egin beharko dute. Horrez gain, lokalaren asegurua, udal tasa, garbiketa lanak, mantenua, zaintza lana eta gainerako gastuak ere erabiltzailearen ardura izango dira.
Lehen 12 hilabeteetan gutxienez, alokairu-errenta ordaindu gabe lokala erabiltzeko aukera duela ziurtatu behar dio lokal jabeak erabiltzaileari.
Udalak herriko lokal hutsei eta herriko merkataritzari bultzada emateko hainbat ekimen antolatu du azken hilabeteetan; esaterako, lokal hutsak apaintzeko ideia lehiaketa antolatu zuten irailean.