Zestoako Udalak babesa agertu dio Mikel Arregiri

Ane Olaizola 2013ko urriaren 11

Hurrengo astean bi makro-epaiketa hasiko dira Espainiako Auzitegi Nazionalean. Segiko kide izatea leporatuta, 40 lagun epaituko dituzte astelehenetik aurrera; besteak beste, Olatz Izagirre Azpeitiko bizilaguna. 35/02 auziko epaiketa, berriz, hilaren 17an hasiko da, eta 111 herriko tabernatako eta kultur erakundetako 40 ordezkari dira igarotzekoak epailearen aurretik. Epaiketak salatzeko manifestazioa egingo dute Azpeitian. hitza Eskualdean, Joseba Permach eta Esther Agirre zarauztarrak, Mikel Arregi Ertxin zestoarra, Azkoitiko Zakela kultur elkartea, Azpeitiko Orkatz kultur elkartea, Getariako Harralde Kultur Elkartea, Zarauzko Arrano Elkartea eta Zumaiako Inpernupe daude. Epaiketa horiek salatzeko Zestoako Udalak ezohiko plenoa egin zuen herenegun iluntzean, eta udalbatzarra osatzen duten taldeek, Bilduk eta EAJk, aho batez onartu zuten mozioa. «Epaiketa politiko» gehiago ez egiteko eta «elkarbizitza demokratikorako oinarri sendoak» ezar daitezela eskatu dute. Hala, Ertxini babesa agertu dio, eta honi laguntzeko prest azaldu da. Zestoarra Madrilera deklaratzea joaten den egunetan, gainera, elkarretaratzeak egiteko deia egingo du udalak, eta epaiketak irauten duen bitartean Konponbidearen alde, epaiketa politikorik ez kartela jarriko dute plazan. Horrez gain, epaiketa salatzeko egingo dituzten ekimenetan babesa eta laguntza eskainiko duela berretsi du; hain zuzen, gaur Libre ekitaldia egingo dute Zestoan, epaiketa bertan behera uz dezatela aldarrikatzeko. Sentsibilitate askotako lagunek bertara agertzera gonbidatu dituzte herritarrak. Egitaraua Azpeitia Urriak 17, osteguna. - 19:30. Olatz Izagirre eta Orkatz tabernari babesa adierazteko manifestazioa, plazatik. Zestoa Urriak 11, gaur. - 18:45. Mikel Arregi Ertxin-i babesa adierazteko plazan elkartuko dira, eta kiroldegira joango dira. Han egingo dute ekitaldia. Zarautz Urriak 11, gaur. - 20:00. Musika Plazan Libre dinamikaren aurkezpena. - Ondoren. Luntxa, Musika Plazan. - 23:00. Arrano tabernan Desercion eta Infekzioa taldeen kontzertuak. Urriak 17, osteguna. - 18:30. Lege Zaharren Enparantzan elkarretaratzea, Konponbideari erasorik ez! Utzi Euskal Herria bakean lemapean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide