Zekorketak argitzeko espedientea ireki du Zestoako Udalak

Ane Olaizola 2013ko irailaren 11

Zestoako Udalak amaitu berri diren Amabirjin festen balorazio ofiziala hurrengo astean egingo du, baina hainbat ekitaldiren lehenengo irakurketa egin du jada. Besteak beste, igandeko zekorketetako gertakaria «larritzat» jo du udalak, hura osatzen duten alderdiek, Bilduk eta EAJk, hartutako erabakiari «muzin» egin zaiolako. Hala, jakinarazi du igandeko gertakaria argitzeko espedientea ireki duela. «Hasiera batean, gertakariaren nondik norakoak argitzen saiatuko gara, arduradunak ondo identifikatzeko». Txostena egin ondoren, dagokion erabakia hartuko duela aurreratu du. «Legeak ematen dizkigun ahalmen guzti-guztiak erabiliko ditugu halako jarrerak berriro ez gertatzeko». Hitzartutakoa baino animalia gehiago hil zituzten azken zekorketan. Plazan elkartutako ikusleetako batzuk hala eskatu eta zekorketen presidenteak onartu ondoren, hirugarren zezena, ordezkoa, ere plazara atera zuten. Gertakari hori udalak jarritako baldintzen aurkakoa izan zela berretsi dute, Eusko Jaurlaritzara bidalitako eskaeran, toreatzaileekin egindako kontratuetan eta karteletan «argi eta garbi» adierazi baitzuten bi zezen toreatuko zituztela. Hori hala, Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak jarritako irizpideak ere urratu ziren igandean, hango lege aholkulariak udalari «garbi eta idatziz» adierazi baitzion hirugarren zekorra ateratzeko honako baldintza bete behar zutela: «Ordezko zekorra toreatzea ikuskizunaren kartelean iragarrita egon dadila, bertaratutako ikusleak jakin dezan». Orokorrean, balorazio ona Zekorketetako gertakariaz gain, oro har festen balorazio «oso baikorra» egin du udalak. Dena den, zehaztu du eguraldiak baldintzatutako jaiak izan direla, pasa zen asteburuan euripean ospatu behar izan zituztelako amabirjinak. Horrek hainbat ekitaldi kaltetu du, eta beste zenbait estalpean egin behar izan dute; hala nola, umeen jolas-parkea, lehenengo zekorketa eta paella eta gainontzeko bazkari-afariak. Ekitaldiak, ordea, «arrakastatsutzat» jo dituzte, eta horien artean txistularien alardea eta paella txapelketak nabarmendu dituzte. Oraindik ez dutela zekorketen inguruko daturik azaldu dute, baina Josu Arregi Lopene antolatzaileak egunkari honi adierazi dionez, esperotakoa baino erantzun hobea izan dute. Kaleko apurketei dagokienez, berriz, udalak jakinarazi du ohi baino gutxiago izan direla. Bestetik, jaiak antolatzerakoan herritarrek izan duten parte hartzea nabarmendu du udalak, eta eskerrak eman dizkie amabirjinak prestatzen eta antolatzen aritu diren norbanako eta elkarteei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide