Zekorketak, berriz, polemikaren bueltan

Ane Olaizola 2013ko irailaren 10a

Zestoan amaitu dituzte Amabirjin jaiak, eta beste behin zekorketek eztabaida sortu dute herrian. Izan ere, azken saioan, igandekoan, Angel Sanchez Baeza toreatzaileak behar baino zezen gehiago hil zuen. Ostiralean eta herenegun egin zituzten zekorketak Zestoan, eta aurrez bina zezen hiltzea zuten hitzartuta udalak eta antolatzaileek. Azken saioan, ordea, hiru zezen hil zituzten zezen plazan, eta horrek haserrea eragin du bi aldeen artean. Igandeko zekorketetako une bat (Argazkia: Jone Bergara) Ruben Alberdi Zestoako jarduneko alkatea eta Josu Arregi Lopene aurtengo zekorketen antolatzailea minduta azaldu dira igandeko gertakariarekin. Biek ala biek uste dute «aurrez prestatuta» zegoela hirugarren zezena, ordezkoa, plazara ateratzea. «Sarrera hartzerakoan batzuei dagoeneko esana zieten hirugarrena hilko zutela», dio Alberdik. «Arratsaldean kalean bolo-bolo zebilean hirugarrena ere aterako zutela, eta toreatzaileak ere jakinaren gainean zeuden», gaineratu du antolatzaileak. Bien ustez, aurreko urteetan zekorketen antolatzaile izan diren Buruzuri elkartekoak dira horren erantzule: «Ez  dugu frogarik, baina susmoak ditugu zein diren. Jakitun dira udal gobernukoak ez garela zekorketetara joaten, eta udalarekin hirugarren zezena hiltzeko adostasuna lortu ez dutenean, Ertzaintzarekin eta zekorketetako presidentearekin hitz eginda lortu dute euren nahia. Ez da izan beroan egindako gauza bat», adierazi dio Alberdik egunkari honi. Orain arte Buruzuri elkarteak antolatu ohi zituen amabirjinetako zekorketak, baina aurten ez dira ados jarri udalarekin, horien data eta zezenen kopurua zela eta; hala, estreineko aldiz Lopene ganadutegikoek izan dute zekorketen ardura. UROLA KOSTAKO HITZA Buruzuri elkartearekin hitz egiten saiatu da, baina ez du lortu. «Inozotzat hartu gaituzte» Igandean ohi bezala hasi ziren zekorketak; aurrez hala adostu bezala, toreatzaileak bi zezen hil zituen plazan, baina han elkartu ziren ikusleetako batzuek hirugarren bat ateratzeko eskatu zuten. «Publikotik beste bat ateratzeko eskatzen hasi ziren, eta nik ezetz esaten nion presidenteari. Ertzainak eskuarekin ukitu zuen presidentea, eta honek zapia atera zuen, horretarako baimena emanez», esan du Josu Arregik. Hirugarren animalia ateratzera ukatu zela argitu du, baina esan duenez, ezin izan zuen ezer egin. «Ilusio osoarekin antolatu ditugu zekorketak, eta guztia zapuztu zaigu», gaineratu du. Funtzioetan dagoen alkateak, berriz, Ertzaintzarengandik jasotako tratua salatu du: «Beste ekitaldi batean nengoen, eta deitu zidaten hirugarren zezena atera zutela esanez. Balkoira joan nintzenean presidentea eta ertzain burua zeuden han. Galdetu nien ea nork baimendu zuen hirugarren zezenarena, baina ertzainak esan zidan legezkoa zela eta nik hor ez nuela ezer esan eta egiterik». Alberdik onartu du ez zutela «inondik inora» espero igandeko gertakaria: «Jakin izan bagenu, ez zen gertatuko. Zekorketen inguruan asko hitz egin dugu, eta guztia lotuta utzi ondoren, azkenean inozotzat hartu gaituzte». Udal Gobernuko kideak atzo arratsaldean ziren gertaeraren inguruan hitz egiteko biltzekoak; «askok azalpenak eman beharko dituzte; ertzainek, esaterako». Neurriak hartuko dituztela aurreratu du Alberdik. Festak, oro har giro onean Gainontzeko ekitaldietan, berriz, giro ona izan da nagusi; ostiralean hasi zituzten ofizialki amabirjinak. Andre Madalen Liliko andreak bota zuen txupinazoa udaletxeko balkoitik, plazan elkartu ziren ehunka herritarren aurrean. Lehenago, ordea, hilaren 1ean Errezilen izandako istripu larriaren ondorioz hildako bi pertsonen eta haien senideen alde minutu bateko isilunea egin zuten. Txupinazoaren ondoren herriko bandaren, buruhandien eta txistularien kalejira izan zen, eta umeek pottokekin eta zezen txikiekin jolasteko aukera izan zuten. Larunbatean, berriz, Koadrilen Eguna ospatu zuten, eta ohi bezala paella lehiaketak, herri bazkariak eta gazteen arteko jolasek hartu zuten tarte berezia; eguerdi partean musika alaia eta usain goxoa izan ziren nagusi erdigunean. Izan ere, haurrek taloak egiten ikasi zuten, eta txistorra goxoarekin batera jan zuten beraiek egindako arto masa. Paella lehiaketan, berriz, herriko koadrila ugari animatu zen arroza ahalik ondoen prestatzera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide