Zestoako San Juan egoitzan lan ituna sinatu dute

Nerea Uranga 2013ko maiatzaren 2a

Leire Etxeberria lehendakaria, Joseba Illarramendi zuzendaria eta Amaia Lopetegi langileen ordezkaria hitzarmena sinatzen, atzo. (Argazkia: Danbolin) Gipuzkoako zahar egoitzetako eta eguneko zentroetako langileak aste honetan greban daude, lurraldeko lan hitzarmena berritzea eskatuz. Uztailaren 7a baino lehen lurraldeko hitzarmena berritzen ez badute, lan erreformaren ondorioz Espainiako hitzarmena izango dute indarrean; ondorioz, soldata 400 euro murriztuko diete sektoreko langileei eta urtean 200 lanordu gehiago egin beharko dituzte, besteak beste. Hala ere, eskualdean badira zahar egoitzak eta eguneko zentroak Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako hitzarmenenerako proposamenarekin bat egin dutenak eta lan hitzarmena berritzea adostu dutenak. Esaterako, Zestoako San Juan Fundazioa egoitzan astearte goizean sinatu zuten akordioa Leire Etxeberria Zestoako alkate eta fundazioko lehendakariak, Joseba Illarramendi egoitzako zuzendariak eta Amaia Lopetegi  egoitzako langileen ordezkariak. Joan den ostiralean, berriz, Biharko enpresak eta ELA, LAB eta CCOO sindikatuetako ordezkariek Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuak egindako proposamenean oinarritutako lan hitzarmena sinatzeko aurre-akordioa sinatu zuten. Biharko enpresak, besteak beste, Azkoitiko San Jose egoitza eta eguneko zentroa eta Azpeitiko, Getariako eta Orioko eguneko zentroak kudeatzen ditu. Lan hitzarmena berritzeko aukerarik izan ez duten zahar etxeetako eta eguneko zentroetako langileak ostirala arte, bost egunez, greba egingo dute. Gainera, tartean aldaketarik gertatzen ez bada, hilaren 13tik aurrera ELAk lanuzte mugagabera deitu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide